Garraioa, gizarte ekintza eta Lemoizen etorkizuna, gai azpimarragarriak Batzar Nagusietako Kontroleko Osokoan
Oposizinotik, Errekalde auzoagaz erlazionautako gai bi ekarri dira Batzarretara. Podemos Bizkaiak auzoa bitan banatzen dauen egungo bide-zubiaren lekua hartuko dauen Saihesbidearen soluzinoa zein fasetan dagon galdetu dau. Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuak, daborduko adostutako alternatiba bat dagola erantzun dau, baina hori zehazteko beharrezkoa dala Bilboko Uri Antolamendu Plan Orokor barria onestea. Eztabaida horretan zehar, Ana Otadui presidenteak Autopista Kanpora koordinadorako ordezkari bi kanporatu ditu Osokoen Aretotik, baimen barik parte hartzeagaitik.
Jesús Isasi batzarkide popularrak, bere aldetik, Errekalde eta Moyua lotzen dituan Metroaren inguruan Aldundiak aurrera eroan behar dauen politikaren gainean galdetu dau, eta auzoagaz “ezelango konpromiso politikorik ez daukala” aurpegiratu deutso Foru Gobernuari. Vicente Reyes Garraioetako Diputatuak lotura hori ez dagola baztertuta eta metroaren 4. linearen informazino proiektua eta eraikuntza proiektuaren parte bat daborduko eginda dagozala gehitu dau. Reyesek Talde Popularraren planteamentuaren seriotasun faltea salatu dau, “eskatzen dituan mobikortasunerako proiektuek 1.600 milioi euroko aurrekontua daukielako, Aldundiaren aurrekontu osoa beste, hain zuzen be”.
Metro Bilbao izan da Talde Popularraren beste galdera baten xedea. Oraingo honetan, garraio publiko horren segurtasunaren gaineko itauna izan da, komunikabideetan agertu diran irudiak dirala eta, erabiltzaile batzuk labanak erakutsiz. Vicente Reyesek adierazo dauenez, “isolatutako kasu bakotxa garrantzitsua da, baina ez dago segurtasun arazo orokorrik metroan”. Eta horri jagokonez, hainbat datu emon ditu: 5,3 milioi euro gastau ziran metroaren segurtasunean 2017an, edo segurtasuneko 1.500 kamara inguru dagoz metroaren instalazinoetan.
Segurtasunaren arlo horretan bertan, Javier Ruiz Talde Popularreko batzarkideak, Aldundiaren tutoretzapean dagozan adinbakoen politikaren gaineko itauna egin dau. “Muturreko indarkeria kasu puntualak erakusten dituan fenomeno barria” aitatu, eta “horreei erantzun egin behar jakela” gehitu dau. Bozeroale popularrak erakundeen artean arazo horri aurre egiteko dagozan jarduketako eta koordinazinoko protokoloen gaineko informazinoa eskatu dau. Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatuak erantzun dauenez, “sistema bikaina daukagu, profesional bikainakaz, baina ezinezkoa da hutsik ez egitea, personakaz eta errealidade dinamikoagaz egiten dogulako behar”. Dana dala, Foru diputatuak azpimarratu dauenez, “arlo horretan aurrera daroaguzan esku-hartze guztiek izaera sozio-edukatiboa eta terapeutikoa daukie, eta zigor neurriak gure eskumenetatik kanpo geratzen dira”.
Talde Popularra izan da, baita be Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatuari egin jakon ahozko erantzun-eskearen egilea, 0 eta 6 urte arteko adinbakoen arreta goiztiarrera zuzendutako laguntzen erregularizazino barriari eta sistema barri horrek terapeuta espezialisten leku aldaketan edo bestelako aldaketetan izan daikezan eragin posibleei buruzkoa. Horri jagokonez, Gizarte Ekintzako arduradunak adierazo dauenez, bere eretxiz, dobakoa dan zerbitzu hori hobetu egin da, izapide errazagoak ditu, baimendutako zentroetan eskintzen da arretea, eta egindako inkestek erakusten dabenez, onespen mailea %97koa da.
LEMOIZKO ZENTRALAREN LURRAK
Onintze Oleaga EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, itaun bat eta ahozko erantzuneske bat egin deutsaz Ekonomiaren Garapenerako Foru Diputatuari, Lemoizko zentral nuklearraren instalazinoek hartzen dituen lurren inguruan. Lehenengoa, lur horreek etorkizunean izango daben erabileraren eta Aldundiak hori erabagiteko orduan izango dauen partaidetzaren ingurukoa izan da, Eusko Jaurlaritzak akuikultura proiektu baten aldeko eretxia adierazo dauelako. Bigarrena, instalazino horreek dagozan Basordako kala inguruko Kostaldearen Antolamendu Planaren gainekoa. Kasu bietan, Imanol Pradalesek azpimarratu dau beharrezkoa dala “pausuz pausu” joatea, jaubea estadua dan lurren desjabetze eta transmisino prozesua oraindino egin barik dagolako. Dana dala, adierazo dauenez, “gaur egun existiduten dan proiektu bakarra akuikultura parkearena da”.
HORNIDURA ELEKTRIKOAREN KONTRATUA
Podemos Bizkaiak egindako itaunari erantzunez, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak, 2018. eta 2019. urteetarako Foru Aldundiaren energia elektrikoaren hornidurarako kontratu barriaren xehetasunak azaldu ditu. Ibone Bengoetxeak adierazo dauenez, ezaugarri horreek dituan lehenengo esparru-kontratua da, eta horrek hainbat abantaila ekarriko ditu: %5,6ko aurrezpena elektrizidadearen fakturan, jasotako energiaren %100aren jatorria barriztagarria izango da, eraginkortasuna, digitalizazinoa eta lizitazino prozesuaren sinplifikazino nabarmena, foru erakundea eta bere esku dagozan soziedadeez aparte, kontratuak hainbat udal eta mankomunidade be barruan hartuko ditualako, 62 erakunde guztira.
ZEHARKAKO POLITIKAK
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako diputatua izan da Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, genero politikakaz erlazionauta egin dituen itaun biri erantzun deutsena. Lehenengoa, enplegurako prestakuntza programatan nagusi diran estereotipo sexistei buruzkoa izan da, eta bigarrena genero zeharkakotasunari eta bardintasunerako politiken ikusgaitasunari buruzkoa. Lehenengoari jagokonez, Laespadak Batzordean aurkeztutako argumentuak errepikau ditu, hau da, laneratzeak lehentasuna daukala sexistatzat hartu diran ikastaroetan. Dana dala, etorkizunean erespideak aztertzeko prest agertu da. Bigarrenak, Aldundiaren webgunean eta Bizkaia Goazen 2020 dokumentu estrategikoan genero ikuspegia sartzearen ingurukoak, be Laespadaren erantzuna jaso dau. Diputatuak esan dauenez, genero ikuspegia sartuta dago, baina “badakit oraindino lan asko dagola egiteko”.
Kontroleko Osokoa beste gai batzuekaz osatu da, Guggenheim Museoko lan gatazkaren, artisautzaren euskal sektorerako webgune bat diruz laguntzearen edo foru erakundeak “zidarrezko ekonomian”, biztanleriaren zahartzetik sortutako beharrez balietan dan sektorean, aurrera daroan jardueraren ingurukoak. EH Bilduk baztertu egin dau ahozko erantzun-eske bat eguneko gai zerrendatik, Petronor enpresak Barbadun errekatik ura hartzearen ingurukoa, konpainiak berak proiektu hori baztertu egin dauelako.