Aurreko Albisteak

Adierazpen instituzionala

Chrysallis Euskadi

Bizkaiko Batzar Nagusiek doluminak adierazten dizkiete Ekairen sendiari eta egunero pertsona transen eskubideen alde egiten duten lana goraipatu nahi dute.

Otsailean, 16 urteko bizilaguna den Ekai hilik aurkitu zuten. Pertsona transexuala zen Ekai eta azken urteetan pertsona transexualei sortu diezaieketen trabak gainditzen jardun zuen.

Chrysallis EH elkarteak aipatzen dituen eguneroko borroka ugari pasa behar izan zituen familiak. Horri gehitu behar zaio jendarte osoak eraikitako moldeetan bere nortasuna ezin modu naturalean garatu ahal izateak sortu ditzakeen minak eta ezinegonak.

Ana eta Elaxar gurasoek egindako lana eta Ekairi eskaini dioten babesa txalotu nahi dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, eta euren jarrera eredugarria babestu. Zaila izaten da askotan familia barruan ere eredu normatiboak apurtzea eta seme-alaben bidean laguntzea. Herritar guztiok asko dugu ikasteko familia osoak erakutsitako indarrarengatik.

Bizkaiko Batzar Nagusiek orainarte bezela, bere baliabide guztiak jarriko dituzte herritar eredu guztien parekidetasuna lantzeko. Une latz honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek doluminak eta babesa eskaini nahi dizkiete familia eta lagunei. Era berean transfobiaren kontrako jarrera irmoa azpimarratu nahi dute Batzar Nagusiek eta lanean jarraituko dute pertsona guztiak, eskubide guztiekin eta inolako diskriminaziorik gabe biziko diren herri bat eraikitzeko lanean.