Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Aldundiari Euskal Herria Museoa barriro definidu daiala eskatzea
![Euskera eta Kultura Batzordea](httpS://jjggbizkaia.eus/fitxategiak/JJGG/deiadarra/noticias/irudiak/IMG_20180314_161726_HHT.jpg)
Talde Mistoko ordezkariak bere esku-hartzean azaldu dauenez, Gernikako Batzarretxeak eta Bakearen Museoak ez bezela, biak be Euskal Herria Museotik oso gertu, azken horrek %10 bisita gitxiago izan ebazan 2017an. Hori dala eta, Arturo Aldecoak, bisitarien eta biztanle guztien aurrean emoten dauen irudia aztertu beharra azpimarratu dau. Batzarretako talde guztiak proposamen horren alde agertu diran arren, museoen koordinazinorako BizkaiKOA foru erakundeagaz batera egingo dan azterlana ekimenean adierazoten dana baino sakontasun maila handiagoagaz egin beharko, litzatekela azpimarratu dabe EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak.
Euzko Abertzaleak taldearen ordezkaria, ekimenaren alde agertu bada be, Euskal Herria Museoak orain arte egin dauen lan ona azpimarratu dau, eta “euki anitza eta garrantzitsua” eta 2017an 11 jarduera nagusitan gauzatu zan jarduera “aberatsa” nabarmendu ditu. Gainera, adierazpen horreek bidaietako plataformatan jasotako datuetan oinarritu ditu. Plataforma horreetan, Museoak “jaso dituan balorazinoen %80 oso ondotik bikainera doaz”.
BILBOKO ITSASADARRAREN ITSAS MUSEOA
Eguneko gai zerrendea Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Foru Diputatuaren agerraldiagaz osatu da, Podemos Bizkaiak planteau dituan hiru gairi erantzuteko. Lehenengoan, Bizkaiko Foru Aldundiak –museoaren patronatuko kide danak– Bilboko Itsasadarraren Itsas Museoaren arazoak bideratzeko gauzatu dituan ekintzen gaineko informazinoa eskatu dau. Diputatu andreak azaldu dauenez, 2018an museoak 250.000 euro jasoko ditu foru erakundetik –2017an baino %18,2 gehiago–, hau da, bere aurrekontuaren a. Gainera, Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, Bilboko Itsasadarraren Itsas Museoa erakusketak egiteko hainbat eskintza ari da aztertzen gaur egun, eta 2017an izandako bisitari kopurua 80.000 ingurukoa izan zala esan dau. Euren txandatan, Batzarretako talde guztiak bat etorri dira kulturgune hori bultzatzearen garrantzia azpimarratzean.
KIROL BEGIRALEAK ETA SORMEN LANTEGIAK
Podemos Bizkaia taldeak planteau dauen bigarren gaia, une honetan Eusko Legebiltzarrean lantzen ari dan “Euskadin kirol lanbideetarako sarbidearen eta horreek gauzatzearen” gaineko legeari buruzkoa izan da. Batzarretako talde horretako batzordekideak, arau horrek kirol begiraleen prestakuntzan behar egiten daben federazinoetan, ikastetxeetan eta pertsonengan, eta begiraleengan eurengan, izango dauen eragin posiblea baloretako eskatu deutso Euskera eta Kulturako diputatuari. “Oraindino goiz dala” adierazo arren, Lorea Bilbaok esan dau Lege hori “benetako bermea dala eskolako kirola osatzen dauen egitura osorako”, eta puntu garrantzitsuenetako bat, begiralearen kualifikazinoa egiaztatuko dauen gitxieneko titulazinoa eskatzea izango dala gaineratu dau. Podemos Bizkaiak Aldundiko ordezkariari zuzendutako azkenengo puntua, Bizkaiko sormen lantegien eta kultur adierazpenen mapea egitean lortu diran ondorioei eta Aldundiak aurrera eroan dauen prozesuari buruzkoa izan da. Sektorea hobetzeko neurri moduan, Lorea Bilbaok “sormenagaz erlazionautako ekimenak eta egiturea indartzeko” helburua planteau dau, eta baita “diru-laguntzak handitzea” be. Gainera, iragarri dauenez, bere Sailak bilerak izan ditu sektoreko profesionalakaz. Podemos Bizkaiak txalotu egin dau hori. Eskaria egin dauen taldearen bozeroaleak esan dauenez, sektorea “zaurgarria eta profesionaltasun maila txikikoa” da, eta sektorearen “lan baldintzak hobetzeko” eskatu deutso Foru Aldundiari.