Aurreko Albisteak

Ezpondatako luiziek eta Foru errepideetan izandako irristaketek zentrau dabe Imanol Pradalesek Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldi

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Saila

Ezpondatako luiziak eta mendi hegalen irristaketak dirala eta izandako arazoek –orain denpora gitxi Larrabetzun izandakoak, adibidez– zentrau dabe Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordean egin dauen agerraldia. Pradalesek, ezpondek erakusten dituen arazoak dirala eta bere Sailak martxan jarritako prebentzino beharrak eta bestelako jarduketak zehaztu ditu, eta Mungia-Astoreka errepidea garagarrileko lehenengo hamabostaldian egongo dala libre aurreratu dau.

Talde Popularrak egin dauen eskariari erantzunez, foru errepide sarea kudeatzen dauen Sailaren arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeari jakinarazo deutsonez, ezponden inbentarioa –lau metrotik gorako altuerakoak eta bide publikoetarako zelanbaiteko arriskua daukienak– 2017ko abenduan amaitu zan. Foru bideen 182 kilometrotan eragina daben 820 puntu identifikau dira. Urtean birritan guztiak aztertzen dira, euren arrisku mailea ezagutzeko.

Arrisku hori moderatua edo altua dan kasuetan (inbentarioan jasotako 820 ezpondetatik 309), azterketa zehatzak egiten dira. Horreetatik 37 baino ez dira falta. Azterketa horreek egin eta gero, foru errepideetako 12,5 kilometrotan eragina daben 109 ezpondatan jarduteko beharra hauteman da. Horreetatik 89tan egin dira daborduko egin beharreko lanak, 4,1 milioi euroko kostuagaz. Imanol Pradalesek gehitu dauenez, luiziak egoteko aukerea %100ean aurreikustea ezinezkoa dan arren, azkenengo hilebeteetako euriteak dirala eta, ez ohiko jarduketak egin behar izan dira 2018. urtearen hasieratik, 400.000 euroko kostuagaz. Foru Diputatuak gehitu dauenez, Interbiak foru erakundeak, epe laburrean, AP8 autopistan (Ermua-Urgoiti tartea eta Larraskitu inguruak) eta Artxandako tuneletan eragina daben ezpondetan jarduteko asmoa dauka.

Beste alde batetik, Talde Mistoko bozeroaleak be foru arduradunaren agerraldia eskatu dau, joan dan zezeilaren 13an Astoreka inguruan, Fika eta Larrabetzu lotzen dituan errepidean, izandako mendi hegalaren irristaketaren gaineko informazinoa emoteko. Pradalesek adierazo dauenez, gertakari horrek BI-3102 errepideko 120 metro inguruko tartea hartu dau. 70.000 metro kubiko lur 5,5 hektareako azalera ingurura mobidutea eragin dau.

Foru Diputatuak adierazo dauenez, eurite handiak eta orain denpora gitxi leku horretan basoa moztu izana izan daitekez errepidetik 100 metro baino gehiagora hasi zan eta kasu honetan ezelango ezpondaren eraginik izan ez dauen irristaketaren zergaitiak. Milioi erdi euroko aurrekontua daukien jarduketen lau faseak be zehaztu ditu. Jarduketa horreei esker, errepide horretako trafikoa martxan egongo da barriro garagarrilaren lehenengo hamabostaldian. Dana dala, behin betiko epea lanak egiten ari diran bitartean egiten dauen eguraldiaren araberakoa izango da. Foru errepideen mantentze lanetarako kontratuen lizitazinorako plegu barrietan, satelite bitartez argazkiak atarateko teknologia barriak erabilteko beharra be jasoko dala jakinarazo dau, Bizkaiko geografiako beste puntu batzuetan gertatu daitekezan irristaketa posibleak aurreikusi ahal izateko.

Batzarretako taldeen aldetik prebentzinozko neurri horreen komenigarritasuna azpimarratu da, eta baita basoen mozketaren kontrolaren gaineko gogoetea egin beharra be, horreek titulartasun pribaduko lurretan gertatzen diranean be bai, zugatzek maldan dagozan lurrak egonkortzen laguntzeko ahalmena daukielako. Talde Popularra izan da Aldundiaren jarduereagaz kritikoen agertu dana, foru bideko tarte hori arriskuko puntu moduan identifikau barik egoala esanez.

SARE ADIMENTSUEN GAINEKO AKORDIOA EEE-GAZ ETA IBERDROLAGAZ

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuaren agerraldiak Talde Mistoak egindako eskariari be erantzun deutso, Iberdrolagaz eta Energiaren Euskal Erakundeagaz (EEE), Euskadin sare elektriko adimentsuen ezarpenaren buru dan Bidelek 4.0 programea martxan jarteko, sinatu dan hitzarmenaren barri emoteko. Imanol Pradalesek gai horren inguruan adierazo dauenez, ekimenak aurrekaria euki eban 2010ean, eragile berberen artean sinatu zan Bidelek Sareak hitzarmenean. Hitzarmen horri esker 230.000 kontagailu adimentsu instalau dira Bizkaian.

Hitzarmenak sei eta zazpi urte arteko epealdia dauka, eta 30 milioi euroko aurrekontua Iberdrolak eta EEEk ordainduko dabe osorik. Bizkaiko Foru Aldundia pizgarri fiskalak ezartera mugatuko da, Foru Diputatuak azpimarratu dauenez. Batzarretako taldeen aurrean azaldu dauenez, oraindino beste 45.000 kontagailu adimentsu instalau behar diran arren, Bidelek 4.0 programan aurreikusitako jarduketak norbanakoen kontsumoaren “gainetik” dagoz programauta, eta tentsino ertaineko eta baxuko azpiegituren digitalizazinora dagoz zuzenduta batez be. Pradalesen eretxiz, ekimena “goi mailako teknologiakoa, ilusionagarria eta barritzailea” da. Sektoreko 25 euskal enpresek hartuko dabe parte, eta aurreikusita dagozan jarduketen artean, tentsino ertain/bajuko eraldaketa zentro birtuala, landa ingurune isolatuetarako diseinautako tentsino ertaineko azpi-estazinoa edo banaketa elektriko mikro-sare baten erakusketa pilotua dagoz.

ARAKALDOKO ZUBIA HOBETZEKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordea, Arauz Besteko Proposamen bat aho batez onetsiz osatu da. Proposamen horretan, Arakaldoko zubia hobetzeko eraikuntza proiektua idatzi ahal izateko beharrezkoak diran aurretiazko azterlanak egitea eskatzen jako Foru Aldundiari, Arakaldoko Udalagaz eta eskumenak daukiezan beste erakunde batzuekaz, Uraren Euskal Agentziagaz, URAgaz, besteak beste.

Batzarretako EH Bilduren proposamenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eske bateratua jaso dau, eraikuntza proiektuari ekin aurretik azterlanak egin behar dirala beren beregi adierazoteko. Jatorrizko proposamenak, gainerako taldeek onetsi dituen arazoak aitatzen ebazan, zubiaren estutasuna edo BI-4516 foru errepidean zubira sartzeko kurbak oso itxiak dirala, besteak beste. Horrek guztiak gaiztasunak eragiten deutsez autobusei eta kamioiei, azkenengo urteetan biztanle kopuruak nabarmen gora egin dauen udalerrian. Horrez gain, kontuan izan behar da egungo zubiak ez dauela beteten uriolak prebeniduteko arautegia.