Aurreko Albisteak

Bermeoko Ospitaleak egin dauen beharrak aintzatespena jaso dau, Gernikako Arbolaren kimu bat landatuta

118 urteko historia daukan Bermeoko Ospitaleak Gernikako Arbolaren kimu baten landaketea jaso dau gaur goizean; bere ateak lehenengo pazienteei zabaldu ostean osasunaren arloan, buruko osasunean batez be, egin dauen beharra aintzatesten eta eskertzen dauen sinboloa. Landaketa ekitaldian hainbat agintari alkartu dira: Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua; Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea; eta Idurre Bideguren Bermeoko alkatea.

Horrez gain, ekitaldian egon dira Fátima Ansotegi Osasun Administrazino eta Finantzaketa sailburuordea; Joseba Gezuraga Bizkaiko Batzar Nagusietako Bigarren presidenteordea; Josu Unanue EH Bildu bozeroalea; Andoni Arcelay Osakidetzako Osasun Arreta Zuzendaria; Carlos Pereira Bizkaiko Buru Osasuneko Sarearen ZuzendariGerentea; Bermeoko Ospitaleko zuzendaritza taldea eta beharginak; eta udalerriko Udaleko talde guztietako ordezkariak.

Bere esku-hartzean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak esan dau “harro dagola, herritar moduan, euskal osasun sistemea eta bertako profesionalen behar bokazionala ikusita”. Gogorarazo dau, baita be, daborduko “urrun” dagozala “ospitale horretako erabiltzaileen aurrean tabuz beteta egozan” garaiak. “Gaur egun badakigu inor ez gagozala, geure bizitzan zehar, urritasun psikiko edo adimeneko bat jasateko arriskutik libre”, azaldu dau.

Jon Darpón Osasun Sailburuak, bere aldetik, 1900 urtea aitatu dau. Urte horretan zabaldu ebazan ateak Bermeoko ospitaleak, “egoera txarrenean egozanen aldeko aurrerapausua emotnez”. 1985ean osasun zentroa Osakidetzaren sarera sartu zan, gaur egun Euskal Osasun Zerbitzuak defendiduten jarraitzen dauen ideagaz bat etorrita: “buruko gaixotasuna beste edozein gaixotasun modukoa dala, ez dauela ezelango diskriminazinorik jasan behar eta gainerako gaixotasunek merezi daben tratamentu berbera merezi dauela”. Hori dala eta, Darpónek esan dauenez, landaketea “bake eta askatasun sinboloa da, besteei zuzendutako beharra, bardintasuna eta persona guztienganako errespetua erakusten dauena”.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak bermeotarren izaera eskuzabala eta integratzailea azpimarratu dau, eta bertaratutako guztiei asmo bat helduarazo deutse: “Oztopo guztiak, ez fisikoak bakarrik, baita burukoak be, gainditzeko amesa daukat. Buruko osasuna ez daitela tabu izan, horren inguruan normaltasunez berba egin ahal izateko, osasun fisikoaren inguruan egiten dogun moduan”.

Landaketeagaz jarraituz, parte hartu daben agintariak izan dira lehenengo palakadak emon dituenak, ekitaldian batu dan jente guztiari gauza bera egiteko konbitea luzatuz. Ekitaldiari bukaerea emoteko, ohorezko aurreskua dantzatu da eta Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren egiazkotasun ziurtagiria emon deutso Osasun Sailburuari.