Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiako Batzordeak neurri fiskalen Arau Proiektua onetsi dau

Ogasun eta Economía Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, joan zan urtarrilaren 30ean Foru gobernuak onetsi eban eta Batzorde horren beraren aurrean zezeilaren 12an aurkeztu zan zerga neurrien eta inbertsino funtsen gaineko Foru Arau Proiektua onetsi dau gaur goizean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek proponidutako hiru zuzenketa-eske sartuta. Holan, proiektua oso aldaketa gitxigaz bozkatuko da Osokoan, Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen osotasuneko zuzenketa-eskea eta EH Bilduk aurkeztu dituan 36 zuzenketa-eske parzialak atzera bota eta gero.

Gaur goizean egin diran eztabaidatan eta bozketatan, Aldundiko gobernua babesten daben taldeek Talde Popularraren ordezkariaren laguntzea izan dabe, hiru alderdi politikoen artean lortutako akordio fiskalaren ostean. EH Bildu eta Podemos kontra agertu dira –kasu batzuetan ñabardura batzuekaz–. Talde Mistoko ordezkaria ez da batzordean egon, Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontsejuan Batzar Nagusietako ordezkari moduan bisita batean egon dalako, eta hori dala eta, ez da landu eguneko gai zerrendako azkenengo puntua, batzordekide horrek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, hain zuzen be. Ogasun eta Finantza Saileko ordezkariak, José María Iruarrizaga Foru Diputatua buru zala, Batzordean egon dira, baina ez dabe parte hartu.

Gaur onetsi dan Foru Arau Proiektuak Europako epe luzeko inbertsino funts jakin batzuk zerga ondoreetarako ezaugarritzen ditu, eta aldaketak sartzen ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Ondarearen gaineko Zergaren, Soziedadeen gaineko Zergaren, Ondare Transmisinoen gaineko Zergaren eta Kooperatiben Araubide Fiskalaren Foru Arauetan, eta baita Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean be. Beraz, ekimenak, “ekintzailetzea eta enpresa barrien ezarpena sustatzea, kualifikazino maila altuko beharginak erakartea, elusino fiskalari aurre egitea eta diru-bilketa arloko gaitasunari eustea” bilatzen dau, José María Iruarrizagak bere egunean esan eban moduan.

Gaur egin dan Batzordearen eguneko gai zerrendako lehenengo puntuak zentrau dau eztabaida politikoa, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen osotasunerako zuzenketa-eskea eztabaidau da eta. Asun Merinero bozeroaleak barriro be esan dau Foru Arau Proiektua “moldaketea” eta “zerga arloko petatxua” dala, eta “ibilpide arraroa eta eztabaidarako oso denpora gitxi itzi dauen preminazko prozedurea izan dituala” kritikau dau. Paul Krugman Ekonomiako Nobel Sariduna aitatuz, Merinerok enpresei zergak murriztea “zonbi idea” dala esan dau, eta guzurtau egin dau ezelango erlazinorik daukanik ekonomiaren garapenagaz edo gizarte arloko barrikuntzagaz. Esan dau, baita be, “gauza bategaz ados ez zagozenean, koherenteena osotasuneko zuzenketa-eskea aurkeztea dala”, baina proposamena behin betiko onetsi beharko dauen osoko saioan zuzenketa-eske parzialak aurkeztuko dituala iragarri dau.

Arantza Urkaregik, EH Bildu ordeztuz, “gure kasuan, gure zuzenketa-eskeen bitartez proiektu alternatiboa proponiduten dogula” esan dau, baina bat etorri da Podemos taldeagaz, preminazko prozedurea dala eta ez dala behar dan moduko eztabaidarik egin ahal izan esateko orduan. Ahaldun Nagusia kritikau dau, “Batzar Nagusi honeek mespretxau egin ditualako eta fiskaltasun barri hori aurretik eztabaidatu barik aurkeztu dauelako”. Urkaregik Araua itzultzeko Podemos taldeak aurkeztu dauen proposamenaren aldeko botoa emongo dauela, eta Arau Proiektua, ondorio bi izango dituan “kontra-kontraerreformea” dala esan dau: sistema bidebakoagoa eta behar dan mailara helduko ez dan diru-bilketea.

Talde Popularraren aldetik, “Podemos taldeak osotasunerako bere zuzenketa-eskean erakusten dauen panorama negargarria, apokaliptikoa eta irreala” azpimarratu dau Javier Ruiz ordezkariak, eta “hain marrazki erradikala proponiduten danean, sinesgarritasun osoa galtzen dala” gehitu dau. Talde horrek gainerako indar politikoakaz akordioak lortzeko erakusten dauen ezintasuna azpimarratu dau. Ruizek azaldu dauenez, “gure taldearentzat, fiskaltasunaren helburua ez da barriro banatzea, denporan zehar iraunkorra izango dan diru-bilketea handitzea baino”. Esan dau, baita be, beharrezkoa dala “zergadun onak ondo zaintzea”, enpresa handiak, besteak beste, eta proponidutako erreformeak “hemen dagozanak hemen geratzeko eta kanpoan dagozanak hona etorteko eredua defendiduten dauela”.

Euskal Sozialistak taldearen aldetik, Ekain Rico oso kritikoa izan da Podemos taldearen proposamenagaz, eta horren inguruan hau esan dau: “errealidadea ikusteko modua ez da bakarra, eta hori ez da txarra; arazoa errealidade paraleloa sortzea da, eta horrek izen bat dauka: Post-egia”. Ricok gertakari objektiboak baztertzea leporatu deutso Merineroren taldeari, 2013an onetsi zan erreformaren ostean lortutako diru-bilketa fiskalaren hazkundea, besteak beste. Holan, “harrituta” agertu da bere eretxiz “aidean egindako gazteluak” baino ez diran argudioak entzun eta gero. Azpimarratu dau, baita be, neurri fiskal barriek Nafarroan Podemosen aldeko eretxia jaso dauen ereduaren oso antzekoak dirala, eta bilatzen dan helburu bakarra “gure sistema fiskalaren justizia, ekidadea, aurrerakortasuna eta eraginkortasuna” dala.

Euzko Abertzaleak taldearen izenean, Jesús Lekerikabeaskoa batzordekidea izan da Podemos taldearen osotasuneko zuzenketa-eskeari erantzun deutsana. Bere eretxiz, zuzenketa-eske hori “gura dan moduan erabilten diran datuen popurria baino ez da, eta eztabaidatzeko oso aukera gitxi emoten dauen mitin eredua”. “Aurreko eztabaidetako kontua errepikau egiten dala” be adierazo dau, “eredua kritikau baina alternatibak proponidu barik”, eta kritikau egin dau, “bitxia bada be, zuek ez daukazuela inoiz zuzenketa-eske parzialik aurkezteko denporarik”. “Argi dago –gehitu dau– zuek ez dozuela gure eredua atsegin, eta argi dago ez dala perfektua ezta estatikoa be, eta horregaitik, hain zuzen be, hobetu gura dogu, adostasunak bilatuz”. Eztabaida bukatu danean, osotasuneko zuzenketa-eskea ez da onetsi, Podemos eta EH Bildu taldeen aldeko 5 botoak baino ez ditualako jaso, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen eta Talde Popularraren kontrako hamarrak.

HIRU ZUZENKETA-ESKE ONETSI DIRA ETA 36 EZ

Eguneko gai zerrendako bigarren puntuak ez dau horrenbesteko euki politikorik izan, eta eztabaidea teknikoagoa izan da. Arau Proiektuaren aurrean aurkeztu diran 39 zuzenketa-eskeen gaineko eztabaidea egin da. Hiru baino ez dira onetsi –aldaketako bi eta gehikuntzako bat– beste horrenbeste artikuluri jagokezanak, Aldundiko gobernua eusten daben taldeek aurkeztutakoak eta Talde Popularraren ordezkariaren aldeko botoa be jaso dabenak. Guztiak be izaera tekniko nabarmeneko aldaketak izan dira.

EH Bildu taldeak aurkeztu dituan 36 proposamenek, barriz, proposamena aurkeztu dauen taldearen eta, batzuetan, Podemos Bizkaiaren aldeko botoa baino ez dabe jaso. Guztiak be Osokoan eztabaidatzeko erreserbau dira, bertan onetsiko dalako behin betiko Bizkaiari beste fiskaltasun bat emongo deutsan Arau Proiektua.