Aurreko Albisteak

Greba egoeren tratamentu fiskalak zentrau dau Ogasuneko Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldia

Ogasun eta Economía Batzordea

Grebakaz erlazionautako egoerak fiskaltasunaren ikuspegitik lantzeko moduak zentrau dau Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrean izan dauen agerraldia. Aldundiko arduradunak EH Bilduk eta Podemos Bizkaia taldeek, euskal sindikatuen “erresistentzia kutxak” izenekoen eta Soziedadeen Zergaren eta lan gatazkako egoera batean fiskaltasunaren ikuspegitik lantzeko moduaren inguruan egin dituen hiru galderei erantzun deutse.

Asun Merinero Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak, Foru Ogasunak sindikatuen “erresistentzia kutxak” izenekoen gainean zabaldu dauen ikerketaren eta holango “alkartasunezko laguntzea” jaso dabenen gaineko informazino eskarien inguruan azalpenak emoteko eskatu dau agerraldia. Merinerok esan dauenez, “egoera horreek ez dira kasualak, kausalak baino, eta egoitzen grebeagaz dagoz erlazionauta; ez dogu informazino eskaria aurpegiratzen, baina gure taldearen eretxiz, aukeratu dan unea ez da kasualidadea”. Iruarrizagak argitu dauenez “ez gagoz ikerketa baten aurrean, Foru Ogasunak egin dauen informazino eskari baten aurrean baino”.

Esan dauenez, ekimena Iruzurraren kontra Burruka egiteko Planean aurreikusten da, eta, azpimarratu dauenez, eskaria jaso daben pertsonek eta sindikatuek eskini daben lankidetzea osoa izan da. Albistea komunikabideetara filtrau dauena bere Saila izan dala edo Ogasuneko teknikariak sindikatuen kontra erabili dirala dinoen “insinuazinoak” kritikau ditu Diputatuak.

Gainerako bozeroaleen aldetik, Talde Mistoko ordezkariak adierazo dau informazinoa eskatzea Foru Ogasunaren “betebeharra” dala, eta Talde Popularrak azpimarratu dau “mundu osoak bete behar dituala zergen inguruko betebeharrak, ezelango salbuespen barik”. Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez “hona delitu bat aurpegiratzera datorrenari esan behar jakona, hori salatzera epaitegietara joan behar dauela da”. Podemos taldeak egin dauen moduan, EH Bilduk be egoitzen gatazka luzeagaz erlazionau dau Foru Ogasunaren ekimena, eta, holan, bozeroaleak informazino eskari hori beste lan gatazka batzuk dirala eta be eskatu ete dan galdetu dau. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak kritikau egin dau bere eretxiz “dobako akusazinoak eta adierazpen desegokiak” izan diranak, Podemosek egindakoak, eta Ogasuneko Sailaren jarduketea “normaltasunean eta iruzurraren kontrako burrukan” jarri dau.

Greben eta horreek ikuspegi fiskaletik ulertzeko moduaren gaineko gai horren inguruan, Jose Maria Iruarrizagak EH Bilduk egindako itaun biri erantzun deutse. Lan izte batek Soziedadeen Zergan daukan eraginaren gaineko lehenengoan, enpresetan beharginen gastuak erregistretako prozedura espezifikoa dagola esan dau, eta egoitzen kasu zehatzean, “normala danez”, gastu horreek txikiagoak izango zirala esan dau, eta Gizarte Ekintzako Saila datu horreek auditetan ari dala gehitu dau. Sindikatuei “erresistentzia kutxak” izenekoen gainean eskatu jaken informazinoari jagokonez, Iruarrizagak lan pertsonalaren errendimenduak dirala erantzun deutso EH Bilduri, greban jaso ez dan errentea osatzen dabelako.

LEHENTASUNEZKO JARDUEREN DEKRETUA

Eguneko gai zerrendako beste puntu batean, mezenasgoaren inguruko onura fiskalak arautzen dituan Lehentasunezko Jardueren Dekretuaren gainean erantzun deutso Foru Diputatuak Podemos Bizkaia taldeari. Aldundiko arduradunak, 19.600 zergadunetan eta 18,2 milioi eurotan kuantifikau dau pizgarri horreek jasoteko eskubidea daukien eta “lehentasunezko jardueretara” (kultura, kirola, euskerea, artea, bardintasuna, gizarteratzea edo garapenerako lankidetzea) zuzenduta dagozan eragiketak.

Horrez gain, Jose Maria Iruarrizaga diputatuak, SII kudeaketa sisteman (Informazinoaren Berehalako Hornidurea) oinarritutako BEZaren kudeaketea martxan jarri izanaren gainean erantzun deutso Podemos Bizkaia taldeari. Aldundiko ordezkariak azaldu dauenez, iruzur fiskalaren kontrako prebentzinozko jarduketea da, eta Estaduko gainerako lekuetan dituan eskakizun berberak dituala gehitu dau. “Dana dala, gure kasuan urtarrilaren 1etik aurrera jarri dogu martxan, gure plataforma informatikoan segurtasun handiagoa izateko eta enpresentzat be erosoagoa izan daiten, ekitaldiaren hasierea dalako”.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea, Talde Popularrak Ekarpenen Legearen barrikuspenaren eta Bizkaiko Aldundiak Finantzen Euskal Kontsejuan gai horri buruz izan dauen eretxiaren inguruan egin dauen itaun bategaz amaitu da. Aldundiko ordezkariak, maiatzaren 31n amaituta egongo dan txostenera atzeratu dau bere erantzuna, baina bere asmoa, “lankidetza izpirituan oinarrituta danontzat mesedegarria izango dan akordioa lortzea” dala esan dau.