Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi Erromoko Kulturgunean nagusientzako Eguneko Zentroa sortzerik

Gizarte Ekintzako Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi gaur goizean pertsona nagusientzako Eguneko Zentroa sortzerik gaur egun Erromoko (Getxo) Kulturgunea eta Udal Euskaltegia hartzen dituan eraikinean, Lope de Vega kaleko 12an. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamenak Talde Popularraren eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso ditu, baina Foru Gobernua eusten daben talde biek kontra bozkau dabe.

Proposamena aurkeztu dabenek, Erromo Plataformaren inguruan batutako herritarren ekimenaren proposamena eurenganatu dabe. Talde biek azpimarratu dabenez, ekipamendu hori beharrezkoa da 60 urtetik gorako biztanleria erroldaren %30 baino gehiagokoa dan eta daborduko 9.000 pertsona dituan udalerri batean. Talde Mistoa eta Talde Popularra ekimenaren alde agertu dira euren esku-hartzeetan. Lehenengo taldeko ordezkariaren eretxiz, proposamena “errazoizkoa, dokumentaua eta justifikaua” da, eta Talde Popularreko batzordekideak, bere aldetik, 2018ko foru aurrekontuetarako eztabaidan gai beraren inguruko zuzenketa-eske bat aurkeztu ebala gogoratuarazo dau. Orduan, Foru Gobernua eusten daben talde biak zuzenketa-eske horren kontra agertu ziran.

Kontrako botoa azaltzeko orduan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek arrazoi bi azpimarratu ditue. Alde batetik, aurrekontuetan horretarako zuzkidurarik ez dagola, eta, bestetik, Aldundiaren esku hartzea eskatzen zan eraikinaren titularidadea udalarena dala. Holan, bozeroale sozialistak azpimarratu dauenez, eguneko zentroa sortzea Udalaren eskumena da, eta administrazinoen erakunde arteko errespetua aldarrikatu dau. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak, bere aldetik, gaur egun Getxon ez dagola eguneko beste zentro baterako eskaririk azpimarratu dau. Bere datuek erakusten dabenez, une honetan martxan dagozan zentro biek (Aldundiarena bata eta kontzertaua bestea) 70 plaza ditue, eta gaur egun ez dago 1. mailako mendekotasunerako ezelango plaza eskaririk, eta 2. mailako mendekotasunerako bakarra dago, orain astebete aurkeztutakoa, hain zuzen be.

UMEEN BABES FALTARI ERANTZUTEKO III. PLANA

Eguneko gai zerrendea, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren agerraldiagaz osatu da, EH Bildu taldeak eskatuta, umeen babes falta egoerei erantzuteko III. Planaren balantzea egiteko. Aldundiko ordezkariak, Planean jasoten diran helburuen, jarduketen eta epeen azalpen zehatza egin dau, eta, esan dauenez, “umeei arretea eskintzeko sistema bikaina daukagu, Estadu mailan aintzatespen osoa daukana”. Plana gauzatzeko epea 2019. urtera arte luzatuko dala be azpimarratu dau eta bere Sailak arlo horretan aurrera daroazan jarduketetan nagusi dan hobekuntzarako bokazinoa nabarmendu dau.

Agerraldia eskatu dauen taldearen aldetik, EH Bildu taldeko bozeroalearen eretxiz, Plana “hobekuntzarako tresna egokia” da. Eta Foru Diputatu andreari hainbat zehaztasun eskatu deutsaz “ez Planaren betete ehunekoaren inguruan, orain arte hobekuntzarako prozesu horretan emon diran pausuak azaltzearen inguruan, baino”.

Gainerako bozeroaleei jagokenez, Talde Mistoko bozeroaleak, familiek, erakundeek, beharginek eta inplikautako bestelako eragileek Planaren eraginkortasunaren inguruan daukien eretxia ezagutzeko dagozan tresnen gaineko interesa agertu dau. Talde Popularraren esku hartzea, Planak kontuan izan behar dauen ikuspegi bikotxera bideratu da: babes falta egoeran dagozan adinbakoak barriro gizarteratzea, alde batetik, eta ikastetxeakaz, oinarrizko gizarte zerbitzuakaz eta bestelakoakaz egin behar dan koordinazino arloko prebentzinoa, bestetik.

Podemos Bizkaia taldeko bozeroalearen eretxiz, Plana “ahula eta hobetzeko modukoa” da, eta, azpimarratu dauenez, “oso sendoak ez diran zutabeetan oinarritzen da”.

Ordezkari sozialistak balioan jarri dau profesionalen eta Administrazinoaren beharra, Plana “Estaduko abangoardian” jarri dabelako. “Hobetzeko modukoa dan arren, hemen ez da inor bertan behera izten, ezta gaur egun bizi dogun adinbako uiolea moduko egoeratan be”, esan dau.

Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak sistema “bikaina eta aintzatetsia” goraipatu dau, eta profesionalen beharra autortu behar dala azpimarratu dau. Horrez gain, esan dau arriskutsua izan daitekela “adinbakoak babesteko daukagun sistemea zalantzan jartea, egon daitekezan hobekuntzak identifikau daitekezan arren”.