Bizkaiko Foru Aldundia hiru alternatiba ari da aztertzen, Bilbon dituan egoitzak berrantolatzeko
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak Foru Aldundiak Bilbon dituan higiezinen berrantolakuntza posiblerako dagozan aukeren gaineko informazinoa emon dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean. Bengoetxea berak eskatuta etorri da Batzordera, Pricewaterhousecoopers kontsultoretza enpresak Foru Aldundiaren egoitzen erabileraren diagnostikoa eta hobekuntzarako proposamenak jasoten dituan txostenaren eukia Batzarretako taldeei jakinarazoteko. Herri Administrazino arduradunak, gaur egun Bilbon dagozan foru egoitzak 33 higiezinetan sakabanatuta egotea bideratzeko hiru alternatiba aurkeztu ditu. Diputatu andreak esan dauenez, une honetako egoitza kopurua “ez da oso arrazoizkoa”.
“Oraindino ez dogu hartu hiru aukeren gaineko ezelango erabagirik”, adierazo dau. Hiru aukerak, foru egoitza batzuk barriztetea, daborduko existiduten dan eraikinen bat errentan hartzea edo erostea, edo neurrira egindako soluzinoak izango dituan eraikin barria eregitea dira. Hiru aukerek abantailak eta desabantailak ditue, Diputatu andreak adierazo dauenez, eta, azpimarratu dauenez, Bilbon dagozan 33 bulegoetatik 19 baino ezin dira zentralizau, beharra hobeto egiteko eta herritarrei zerbitzu hobea eskini ahal izateko. Ibone Bengoetxeak, Aldundiak Bilbon dituan bulegoen egungo egoerearen gaineko datu kuantitatibo batzuk emon ditu: 3.000 pertsona inguruk egiten dabe behar bertan; alogadutako zazpi higiezin dagoz, urtean 2,3 milioi euro ordainduz; Aldundiak jabetzan daukazan eraikinak 146 milioi eurotan dagoz balorauta; eta ekitaldi bakotxean kontratetan diran garbiketa, segurtasun eta bestelako hornidura zerbitzuek 14,7 milioi euroko kostua daukie. Batzarretako taldeek Aldundiak higiezinen gainean egin dauen diagnostikoaren inguruko lehenengo balorazinoa egin ahal izan dabe.
Talde Mistoko ordezkariak, 2002an, Aldundiaren bulegoak gaur egungo Iberdrola Dorrean bateratzeko egon zan proiektua gogoratuazo dau. Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, txostena interesgarria dala esan dau, eta zerbitzuak zentralizetako egitasmoa arrazoizkoa dala. Podemos Bizkaia taldeko ordezkariak, holango operazino bati ekiteko orduan beste hainbat alderdi kontuan hartzeko eskatu dau, energiaren eraginkortasuna edo garraio publikoa gertu egotea, adibidez. Euskal Sozialistak taldetik, “erespide ekonomiko hutsaz aparte, gizarte arloko erespideak be kontuan izatea” eskatu da.
EH Bilduk esan dauenez, ez da normala gaur arte ez jasotea taldeak 2016an daborduko eskatu eban txostena, eta ondorioak kontrastetako bigarren txosten bat kontuan izango ete dan galdetu dau. Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, “zerbitzu publikoen kudeaketan eta prestazinoan hobekuntzarako aukerak sortu leikezala” adierazo da, “eta Aldundiari jagokona entzute aktibo jarrerea izatea dala, agertzen diranean aukera horreek baliatu ahal izateko”. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andrea, foru erakundearen jardueren gardentasunaren inguruko Bizkaia Gardena Atariko atalean iragarri ez diran Aldundiaren hainbat planen gainean EH Bilduk egin deutsan ahozko erantzun-eskeari erantzuteko be etorri da Batzar Nagusietako Iraskunde Batzordeko saio berera. Gai horri jagokonez, Ibone Bengoetxeak onartu egin dau webgunean “daborduko konpondu diran arazo txiki batzuk gertatu dirala”, eta etorkizunean arazo horreek hobetzeko martxan jarri behar diran prozedurak martxan jarteko jarrerea erakutsi dau.
JAIOTZEN ALDEKO POLITIKAK
Aurretik, agerraldia Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak egin dau. Diputatu andreak, Talde Popularrak jaiotzak bultzatzeko hartuko diran neurrien gainean eta Talde Mistoak, gai beraren inguruan, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta EUDELek Euskal Udalerrien Alkarteak sinatu daben Familien eta Umeen aldeko Ituna azaltzeko egin dituen galderei erantzun deutse. Gai horreei jagokenez, Gizarte Ekintzako arduradunak zehaztu dau “erlazino zuzenik ez dagon arren, politika publikoek jaiotzak sustatzen lagundu daikiela”, eta Familien eta Umeen aldeko Ituna “erakundeen arteko lankidetzaren erakusgarri eta familien garrantzia autortzen dauen konpromiso publikoa” dala esan dau. Sánchez Robles, “halan gura dabenei, euren familia eredua bat edo beste bada be, seme-alabak eukitea galarazoten deutseen oztopoak gainditzen laguntzearen” alde agertu da, eta horren inguruan, “ekimen horreen erdian beti egon behar dirala pertsonak” azpimarratu dau.
Batzarretako taldeen aldetik, agerraldiaren eskatzaile biek eredu demografikoaren aldaketea eta hurrengo hamarkadetara begiratuta horrek erakusten dituan arazoz betetako ikuspegiak azpimarratu ditue, biztanleria gero eta zaharragoa izango dalako. Podemos Bizkaiaren aldetik adierazo danez, jaiotzak bultzatzeko edozein politika ezin izango da aurrera eroan testuinguru sozio-ekonomikoa baztertuta, eta EH Bilduko bozeroaleak azpimarratu dau “hori guztia nahiko berde dagola, eta gaitza dala balorazino bat egitea, neurri zehatzak falta diralako”.
Horrez gain, demografiaren eraldaketako testuinguru horretan migrazinoagaz erlazionautako politikak be sartu beharko dirala esan dau. Aldundiko gobernua eusten daben talde bien aldetik, Euskal Sozialistak taldeak, Eusko Jaurlaritzagaz, gainerako foru aldundiakaz eta udalakaz sinatu dan Hitzarmena, Familiari Laguntzeko IV. Planean gauzatuko dala, eta gai horretan “konpontzetik prebenidutera pasau” beharko garala azpimarratu dau. Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, gai horretan bakotxaren erabagi pertsonalak errespetetea ezinbestekoa dala azpimarratu dau. Helburua “ez da eredu bat inponidutea, danak konpartidutea baino”.