Aurreko Albisteak

Argizaiola 2012 argazki sariketeari buruzko erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusietan

Argazki irabaslea

Argazki irabaslea

Bilbon, 2012ko urriaren 5an

Batzar Nagusietako erakusketa aretoan ikusgai egongo da Argizaiola argazki sariketeari buruzko erakusketea. Sariketa hori Euskadiko zaharrenetarikoa da. Erakusketeari hasierea emoteko ekitaldia urriaren 8an, astelehenean, izango da, 19:30etan; han izango dira, besteak beste, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, aurten saria irabazi dauen Oskar Gascón argazkilaria eta beragaz batera hitzaldia emongo daben Gerardo García eta Juan Antonio Palacio argazkilariak, hain zuzen be aurtengo sariketan bigarren eta hirugarren geratu diranak.

Erakusketea urri osoan izango da edegita eta bertan ikusi ahal izango dira Argizaiola sariketearen hogeita hamabigarren edizino honetan aurkeztu diran 150 argazkien arteko onentxuenak, hain zuzen be argazki irabazlea eta beste 22 argazki gehiago. Bizkaiko Batzar Nagusien laguntza dauen erakusketa hau Euskal Herriko Argazkilaritza Elkarteen Federazioa deritxanak suspertzen dauen Bilboargazki ekimenaren barruan sartzen da eta Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak babesturik dago.

Aurten seigarren edizinoa egiten dauen Bilboargazki egitarauaren bitartez, Bilbo argazkigintzaren uriburu bihurtu gura da hile betez, ekitaldien artean tailerrak eta hitzaldiak egongo dirala, entzute handiko profesionalen eskutik. Batzar Nagusien Bilboko egoitzan izango dan jardunaldiaren barruan proiekzinoa eta hitzaldia egongo dira, Argizaiola Sari horretan lehenengo postuetan geratu diran hiru argazkilarien eskutik. 1973. urtean hasi zan Argizaiola sariketan parte hartzeko konbitea egiten jake Euskadiko beste argazki lehiaketa batzuetan parte hartutakoen artean onentxuen artean aukeratutako argazkilariei.

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Hurtado de Amezaga kaleko egoitzan egongo dan erakusketea abagune ederra da ikusteko zenbateko aukerak emoten dituan argazkigintzaren arteak. Lan indibidualak, hainbat estilotakoak, izango dira ikusgai: naturaren eta paisajearen argazkiak zein gaueko argazkien lilurea, pertsonen sena jaso gura daben argazkiak edo ikusleak beste leku batzuetara eroaten gaituezan argazkiak.