Aurreko Albisteak

3.400 bisitari izan dira Gernikan hiru hilabetean

Gernikako Batzarretxea

Gernikako Batzarretxea sarrera nagusitik ikusita

3.400 bisitari baino gehiago izan dira Gernikako Batzarretxean aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan. Bisitariok 70 taldetan joan dira eta foru-legebatzarra eta Gernikako Arbolearen historia sakon ezagutzeko aukerea izan dabe Batzar Nagusiek doan eskaintzen daben bisitaldi gidatuari esker. Bisitaldiok egiteko bertako telefonora deitu behar da (94 625 11 38). Gernika derrigorrezko bisitaleku bihurtu da urtero-urtero Bizkaia ezagutzen etorten diran milaka turistentzat.


Euskal Herriko hainbat ikasle-taldek egin dabe bisitaldia, baina bisitariotako asko eta asko kanpokoak dira, batez be beste autonomi erkidego batzuetakoak, Kataluynakoak gehien, eta Europako Batasunetako beste herrialde batzuetakoak. Baina Batzarretxera etorten diranak ez dira bakarrik penintsulako edo kontinente europearreko turistak, beste kontinente batzuetakoak be etorten dira-ta, esaterako iparramerikarrak, txiletarrak, mexikarrak eta afikarrak.


Europearrei jagokenez, gehienak Frantziatik, Alemaniatik, Erresuma Batutik eta Italiatik etorritakoak dira, baina talderen bat edo beste Letoniatik, Eslovakiatik edo Turkiatik etorri da. Taldeka etorritako 3.400 bisitariez ganera, badira ordua eskatu barik Batzarretxeara hurreratzen diranak, eta horreei be bisitaldi gidatua eskaini jake.
Datozen hilabeteetan kopuruok gora egingo dabe, aurreko urteetan gertatutakoari erreparatuta. Oporraldiak (Aste Santukoa, udakoa ...) eta eguraldiak hobera egiteak zuzen-zuzenean eragiten dabe Gernikako Batzarretxera datorren bisitari-kopuruak gora egitean.


Batzarretxearen ibilbide turistikoan artea, historia eta gaurkotasuna nahasten dira. Lehenengo eta behin, gidariek Gernikako gunerik interesgarrienen gainikusia egiten dabe Batzar-Aretoan dagozala, oraindik gaur egun be Batzar Nagusiak egiten diran lekuan hain zuzen; gero, Gernikako Arbolea, euskaldunen ikur-adierazgarririk unibertsalena, erakusten dabe eta Leiarpeko Aretoan amaitzen dabe bisitaldia. Martian bakarrik 2.000 pertsona baino gehiagok atara dabe argazkia Aretxaren aurrean, izan be munduan diran arbolen artean argazkirik gehien izaten dauanetarikoa da-ta.

Batzarretxearen erakargarritasuna gero eta handiagoa dala aintzat hartuta, bisitariei zuzenduriko zerbitzua hobatzea erabagi eban foru erakundeak. Gaur egun, audiogida-zerbitzu aurreratua dauka Batzarretxeak, lau hizkuntzatan entzun leitekena (euskeraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) eta informazino-gune bat Leiarpeko Aretoan, non bisitariak bere kabuz bisitaldi birtuala egin eta ondo eretxitako iradokizunak itxi leikezan. Ganera, Batzarretxearen gora-beherak erakutsi eta haren garrantzi historikoaren eta sinbolikoaren barri emoteko bideoa be badago.