2013ko aurrekontuetan Sabino Aranako zubi-bidea erasteko partidea jarteko eskatu deutsie Batzar Nagusiek Aldundiari
Sabino Aranako zubi-bidea erasteari jagokona eztabaidagai nagusia izan da Bizkaiko Batzar Nagusien Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak datozen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik izan dauen azken bileran. Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu dira, bata Talde Popularrak aurkeztutakoa eta bestea Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek batera aurkeztutakoa, biak helburu berberagaz: 2013ko aurrekontuetan Sabino Aranako zubi-bidea erasteko partidea jartea. Eta biak onartu dira hiru Taldeon aldeko botoakaz (7 boto). Euzko Abertzaleak Taldeak 6 boto daukaz eta abstenitu egin dira popularren proposamenean eta aurka bozkatu dabe bigarren proposamenean.
Uztailaren 3an Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean eskatzen jakon Aldundiari azaroaren 30a baino lehen aurkeztu egiala “eskalextria” erasteko beren-beregiko proiektua, Jesús Isasi batzarkidearen hitzetan “15 urte itxaroten gagozana”. Esan dau be “harrituta” dagoala oraindik proiekturik ez dagoalako, eta “lotsagarria” dala horren beste denbora igaro izana hori egin barik. Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek esan dabe EAJ-k ez dauela gai honetan esadakoa bete, hauteskundeetarako esandakoa hain zuzen. “Ez dabe hitza bete, guzurra esan deutsie herritarrei eta ez dabez akordioak bete” esan dau Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak.
Bildurentzako, Aldundiarentzat 8 milioi euroko gastua izango leuken erasketa-proiektua bertan behera izteko Aldundiaren erabagia “kezkagarria” da. Aitor Torre batzarkideak esan dau tamalgarria dala abiadura biko Bilbo egotea, “auzoetako Bilbo eta erdialdeko Bilbo”, eta uste dau “merkataritza jarduerea” hobatzeko “ezinbestekoa dala ahalik eta lasterren ekitea Sabino Aranako zubi-bidea erasteari”.
Euzko Abertzaleak Taldeak esan dau ez dagoala ados esaten danean presazkoa dala zubibidea erasteko proiektua, baina bat etorri da gainontzeko Taldeakaz hori egitea “beharrezkoa” dala esaterakoan, baina ez oraintxe bertan. Nerea Ahedo batzarkide jeltzaleak esan dau Aldundiak “lehentasunak” ezarri behar dituala, eta ez dala une egokia, ez dagoalako dirurik dana egiteko. Ahedok esan dau ekonomi egoereak “inbertsinoak zeintzuk izan behar daben barriro aztertzera” behartzen dauela Aldundia, eta inbertitzeko unea dan arren, presazko gauzen unea ez dala.
Ahedo batzarkideak gogoratu deutse gainontzeko Taldeei eze Olabeagatik egin diran sarbide barrien helburu nagusia izan dala Sabino Aranako auzokideek jasan behar ebezan “arazoak arintzea” eta “ke eta zarata bako” eremu bihurtzea inguru hori, eta aldi berean Bilboko beste auzune batzuen eta bertako auzokideen “bizi kalidadea” hobatzea, esaterako Santa Ana, Lezeaga eta Bentazaharra auzoen kasuan. Eta esan dau proiektua Bilboko Udalagaz “adostuta” egin behar dala, udala dalako “zoruaren erabilereaz erabagi behar dauena”. Azkenik, esan deutse Taldeei proiektu hori laster eztabaidatuko diran Aldundiaren aurrekontuetan aldeztu beharko dala eta horko horretan Talde batzuen eta besteen lehentasunak “agirian geratu beharko dabela”.
AP-8ko bide-saria Gerediagan
Beste alde batetik, Gerediagako sarbide barrietako ordainsariak egokitzea eskatzen eban Arauz Besteko Proposamena, Bildu Taldeak aurkeztutakoa, ez dau onartu Batzordeak. Bilduren asmoa zan AP-8ko Gerediaga-Bilbo zatiaren prezioak Iurretatik Bilborantza diran bardinak izan daitezala eta Lea-Artibaiko herritarrek “gehiago ordaindu beharrik” izan ez dagiela, Gerediaga-Iurreta zatiagaitiko ordainsaria garestiagoa daukielako. Proposamenaren aurka Euzko Abertzaleak Taldeak bozkatu dau (6 boto) eta Bizkaiko Talde Popularra abstenitu egin da (boto 2). Bildu eta Socialistas Vascos Taldeen 5 botoak ez dira nahiko izan ekimena onartzeko.
Muxikako semaforoak
Beste alde batetik, Bildu Taldearen beste Arauz Besteko Proposamen bat ahobatez onartu da. Horren bidez, Aldundiari eskatzen jako Muxikako Ariatza auzoan semaforoz lagundutako zebrabidea ezarri daitela. Bilduren ustez, udalak egindako eskariari men egin behar jako. Bildu Taldeko Aitor Torre batzarkidearen esanetan "BI-635 errepideak Ariatzako auzotik igarotzen den tarteak duen arriskua agerikoa da bertan gertatzen ari diren ezbehar kopuruari erreparatzen badiogu, kasu horietako askotan hildakoak izan direlarik”.