Aurreko Albisteak

Balio Erantsiaren Zergan eta Ez-egoiliarren Zergan aldaketak sartzen dituan Foru Dekretua onartu dabe Batzar Nagusiek

Gernika

Gernikan, 2012ko urriaren 3an.

Gaur goizean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen aurretik Gernikan egin dan azken Osoko Batzarrean onartu dabe garagarrilaren 17ko 3/2012 Foru Dekretu Arauemailea. Bertan, hain zuzen be, Balio Erantsiaren gaineko Zergako (BEZ) eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergako aldaketak hartu dira kontuan, zerga horreek Estaduko araudira egokitzeko asmotan. Dekretua onartzeko orduan, aldeko 35 boto egon dira (EAJ, PSE eta PP), eta aurkako 12 boto (Bildu).

Batzarrean bertan, Bizkaiko Legebiltzarrak bagilaren 12ko 2/2012 Foru Dekretu Arauemailea be sendetsi dau, Aldundiak zerga-informazinoa lagateko, eta, horren bitartez, erabiltzaile bakotxak farmaziako prestazinoen finantzaketan zelako ekarpena daukan zehazteko. Bizkaiko ganberak behar besteko babesa emon dau, Foru-gobernuak Gizarte Segurantzari Bizkaiko zergadunen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako datuak emoteko. Dekretua onartzeko orduan, Eusko Jeltzaleen Taldeak eta Bizkaiko Popularren Taldeak aldeko botoa emon dabe (27). Bilduko eta Socialistas Vascos Taldeko ordezkariek, ostera, aurkako botoa emon dabe (18).

Aizbea Atela batzarkide jeltzaleak adierazo dauenez, bere taldeak (Eusko Jeltzaleak) dekretu hori onartu dau, “erantzukizun-printzipioa hartzen dogulako geure gain eta premina zein betebeharra daukaguzalako”. Halanda be, ez datoz bat Gobernu espainolak sendagaiak finantzetako diseinau dauen ereduagaz. Bestetik, Bilduk ados ez dagoala esan dau. “Baterako ordainketaren aurka gagoz, formula horren bitartez bikotxa ordainduko dogulako. Hain zuzen be, zergen bitartez ordaintzen ditugu sendagaiak”, adierazo dau Asier Vega batzarkideak.

Socialistas Vascos Taldea kritikoena izan da. Iñaki Egañak, hain zuzen be, bere taldea aurka dagoala azaldu dau, dekretua bera “beharrezkoa ez dalako eta ezelako zentzunik ez daukalako”. Era berean, Aldundiari aurpegiratu deutso dekretua onartzeko premina euki dauela, Egañaren ustetan “osasun-ereduaren aldaketa bultzatzen dauenean eta osasun-arloko baterako ordainketa ezarten dauenean”. “Osasunaren unibersaltasunaren zutabeak aldatuko dira, eta eskumen autonomoak inbadituko dira”, azaldu dau. “Aseguramentuaren sistemara eroango gaituenez, diktadurako unadetara itzuliko gara”.

Bestetik, Talde Popularreko Esther Martínez taldekidearen esanetan, Egañaren agerraldia “demagogikoa” izan da. Martínezek, hain zuzen be, Rajoyren gobernuak ezarritako aldaketak defendidu ditu, eta behar besteko datuak sartu ditu eztabaidan, “ondoizate-estadua bermatzeko”. “Beharrezko neurriak dira, Rajoyren gobernuak hornitzaileei ordaindu beharreko zorra 16.000 milioi eurokoa zala aurkitu ebalako, besteak beste”, baieztatu dau. Batzarkide popularraren eretxiz, Madrilgo gobernuaren neurriak indarrean sartu diranetik, Estaduko "gastu farmazeutikoa %24 gitxitu da. Euskadin, ostera, %3,42koa baino ez da izan murrizketa hori”.


Metroaren 3. linea

Gernikako Osoko Batzarra 9:30ean hasi da, eta Socialistas Vascos Taldeak metroaren 3. linearen finantzaketari buruzko interpelazinoa egin dau lehenengo eta behin. Talde horrek eskatutakoa kontuan hartuta, Aldundiak 2012an beharrezko finantzaketa emongo dauen argitu beharko leuke. Holan, bada, “Metro Bilbaoren 3. linea jarri ahal izango litzateke abian Etxebarri eta Matiko artean”. Herri Lan eta Garraio saileko Itziar Garamendi diputaduak baieztu dauenez, Aldundiak bere konpromisoak beteko ditu. “Hitzartutako zenbatekoa emongo dogu, hau da, Eusko Jaurlaritzagaz sinatutako hitzarmenean zehaztutako 6,6 milioi euroak”, argitu dau.

“Zure erantzunaren zain nago” erantzun ostean, Tontxu Rodríguez batzarkide sozialista ados ez dagoala adierazo dau. “Aurretiaz zehaztuta ez egozan aldaketak eta desbideraketak egin dira”, esan dau, Aldundiak metroaren 3. lineako lanak gehiago finantzau behar dauzala azaltzeko. Behar besteko ekarpena egiteko eskatu deutso Aldundiari, linea hori garatu daiten eta “lanak eten ez daitezan”. Bere eretxiz, “oso inbersino garrantzitsua da Bizkaiarentzat, baita ezinbestekoa be, Bilboko iparraldeko mobikortasunari begira”.

Garamendik Aldundiaren jarrera defendidu dau gai honetan. Horretarako, gogora ekarri dau “hitzartutako” zenbatekoak emon dirala, hau da, 76 milioi euro, inbersino osoaren %50. Diputaduak eskaintza sozialista hartu dau kontuan, baina “adostasunean eta alkarrizketan” oinarritutako “erabagia” hartu behar dala esan dau. Lehenago, ostera, argi eta garbi azaldu dau azpiegitura horri buruzko erabagiak “aldebakartasunez” hartu dirala, hau da, proiektua batera finantzetan dauen “beste aldea kontuan hartu barik”.


Sarreren Bermerako Errenta

Era berean, Foru-gobernuak Sarreren Bermerako Errentako (SBE) jasotzaileen espedienteak Lanbidera bialtzeko prozesuari buruzko azalpenak emon ditu. Sozialisten esanetan, “sei hilebete baino gehiago” behar izan dabe agiriok bialtzeko, eta, “oraindino, ez dira milatik gora espediente” bialdu, interpelazinorako idatzian adierazotakoaren arabera. Gizarte Ekintzako Pilar Ardanza diputaduak erantzun dauenez, Foru-erakundeak “egin beharrekoa egin dau”. “Gehienez be, 2 hilabete behar izan ditugu espedienteak ebazteko”. “Hilero, Lanbidera bialdutako datuak eguneratu dira”, erantzun deutso Juan Otermin batzarkide sozialistari. Otermin jaunak bere agerraldian azaldu dauenez, “gai hau konpontzeko”, Aldundiak Eusko Jaurlaritzagaz lan egin behar dau, “danontzat, egitateak barik askoz kezkagarriagoak izan beharko litzatekezalako zergaitiak”.


Industria jardueraren murrizketa

“Ahozko erantzun-eskearen” bidez, Talde Popularrak erantzuna eskatu deutso Aldundiari, Bizkaiko industria jardueraren jaitsierari buruz zer uste dauen azaldu dagian. Ekonomia Sustatzeko foru diputadu Imanol Pradalesek baieztu dauenez, industria jarduera geldotu egin da azken hiruhilekoan, eta garagarrileko jatsiera %10ekoa izan da. “Etorkizunari begira, ez gara baikorrak”, azaldu dau. Gero, bere sailak ezarri dituan neurrien barri emon dau, eta, euren artean, nazinoarteko bihurtzeko programa edo ETEentzako plan bereziak dagoz. Gonzalo Zorrila batzarkide popularrak azaldu dauenez, lan hori “ez da asmo handikoa”. Bere eretxiz, hain zuzen be, Aldundiak Araban garatutako plan berezia aztertu beharko leuke, eta erakunde arteko hitzarmena bultzatu beharko leuke Eusko Jaurlaritzagaz, “industria jarduera sustatzeko”.


Egoitza plazak

Batzar Nagusietako talde berak erantzun-eskea egin deutso Gizarte Ekintza Sailari, Aldundiak “egoitza plazen gaur eguneko politika aldatzeko asmorik daukan” argitu dagian. Izan be, beraren esanetan, mendeko edadekoentzako plaza publiko guztiak ez dagoz beteta, Aldundiak berak argitara emondako informazinoa kontuan hartu ezkero. Gizarte Ekintzako Pilar Ardanza diputaduak bete-betean ukatu dau hori. Bizkaiko egoitza publikoetan, “ez dago bete bako plaza publikorik”. “Plaza guztiak beteta dagoz”, esan dau. Ardanza pozik dago, gaur egun Bizkaiak Europako estandarrak betetan dauzalako, 100 biztanleko edadekoentzako 5 plaza daukazalako.


Arauz besteko proposamenak

Osoko Batzarraren azken zatian, Batzar Nagusietako taldeek arauz besteko hiru proposameni buruz zer uste daben azaldu dabe. Talde Popularrak aurkeztutako proposamenaren arabera, Soziedadeen gaineko Zerga aldatu beharko litzateke, era bateko edo besteko higiezinak saltzeagaitiko zerga-salbuespena %50ekoa izan daiten. Halanda be, ez da proposamen hori onartu. Gainerako taldeek neurri horren aurkako botoa emon dabe.

Era berean, Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak batera aurkeztu daben proposamenaren arabera, Aldundiak OHZ ezarri beharko leuke eleiza katolikoan eta beste erlijino erlijioso batzuetan “gurtzagaz lotuta ez dagozan ondasun higiezin guztietan”. Dana dala, Bizkaiko ganberak proposamen hori be ez dau onartu. Eusko Jeltzaleak Taldeak eta Bizkaiko Popularrak Taldeak proposamen horren aurkako botoa emon dabe (28). Bildu Taldeko eta Socialistas Vascos Taldeko ordezkariek, ostera, aurkako botoa emon dabe (20).

Eztabaidaren amaieran, Talde Popularraren proposamena aurkeztu da. Horren arabera, Aldundiak behar besteko kontu-saila sartu beharko leuke 2013ko aurrekontuetan, Ermuko saihesbidea eregiteko. Bizkaiko Talde Popularraren proposamena onartu da, Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak emondako babesari esker. Eusko Jeltzaleek, ostera, horren aurkako botoa emon dabe.