Aurreko Albisteak

2013. aurrekontuetan Sabino Aranako zubi-bidea erasteko partidea jarteko eskatzen deutso oposizinoak Aldundiari

Sabino Arana

Sabino Aranako zubi-bidea erasteari jagokona eztabaidagai nagusia izango da datorren eguenean, urriaren 4an, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak izango dauen bileran. 2013ko aurrekontuetan Sabino Aranako zubi-bidea erasteko partidea jarteko helburu bera daukien Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko dira, bata Talde Popularrak aurkeztutakoa eta bestea Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek batera aurkeztutakoa. Batzorde hau azkenengo batzarra izango da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak egin arte.

Uztailaren 3an aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean, popularrek datea jarri gura deutsie Aldundiari “azaroaren 30a baino lehen” aurkeztu dagian “eskalextria” erasteko beren-beregiko proiektua. Presazkotasun hori ez jako ondo iruditu Euzko Alderdi Jeltzaleari, eta zuzenketa-eskea aurkeztu deutso proposamenari epe hori kendu daiten, euren eretxiz “ezinezkoa dalako azaroaren 30a baino lehen izatea erasteko proiektua”. Jeltzaleek proposamenaren alde egiteko prest dagoz, “beti be ekonomi, aurrekontu eta araudi-inguruabarrek ahalbideratzen badabe” eta proposatutako epe hori kentzen bada.

Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek, bestalde, alkarrregaz batera aurkeztu eben Arauz Besteko Proposamena irailaren 18an, “presazkotasunez” bideratu eiten, Aldundiari eskatzeko “bermatu dagiala 2013. urtekitaldirako behar besteko baliabide ekonomikoak gordeko dituan aurrekontu partidea”. Talde biok argi daukie inguru horretako “merkataritza jarduerea” hobatzeko “ezinbestekoa dala ahalik eta lasterren ekitea Sabino Aranako zubi-bidea erasteari”.

Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizinoaren ekimenok Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendi andreak, ekainaren 26an egindako adierazpen batzuen ostean etorri dira. Orduko haretan, Diputatu andreak esan eban Olabeagako sarbide barriak negurako egongo zirala prest eta Sabino Aranako zubi-bidea erasteko lanak 8 milioi euro inguru kostatuko zirala, baina Aldundiak egin barik eukala erasketa-proiektua. “Aldunditik ez dago proiekturik idatzita”, esan eban hitzez hitz.


AP-8ko bide-saria Gerediagan eta Muxikako semaforoak

Beste alde batetik, Gerediagako sarbide barrietako ordainsariak egokitzea eskatzen dauen Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dau Bildu Taldeak, hain zuzen be AP-8ko Gerediaga-Bilbo zatiaren prezioak Iurretatik Bilborantza diran bardinak izan daitezan eta Lea-Artibaiko herritarrek “gehiago ordaindu beharrik” izan ez dagien, Gerediaga-Iurreta zatiagaitiko ordainsaria garestiagoa daukielako.

Presazkotasunez bideratzeko onartutako Bildu Taldearen beste Arauz Besteko Proposamen baten bidez, Aldundiari eskatu gura jako Muxikako Ariatza auzoan semaforoz lagundutako zebrabidea ezarri daitela. Bilduk uste dau udalak egindako eskariari men egin behar jakola. Aitor Torre batzarkidearen esanetan "BI-635 errepideak Ariatzako auzotik igarotzen den tarteak duen arriskua agerikoa da bertan gertatzen ari diren ezbehar kopuruari erreparatzen badiogu, kasu horietako askotan hildakoak izan direlarik”.