Aurreko Albisteak

Eguazten honetako Batzar Nagusiak 10 aztergai izango ditu Gai-Zerrendan

Gernika

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariaga andreak, bihar goizeko 9:30etan hasita Gernikako Batzarretxean egingo dan Osoko Batzarrerako deia egin dau. Urteko zazpigarren Osoko Batzarra izango da, udaldiko oporren osteko bigarrena, eta aitatutako Foru Dekretu Arauemaileez gain, Itaun 2, 3 Ahozko Erantzun-Eske eta 3 Arauz Besteko Proposamen eztabaidatuko dira. Gai nagusitzat hartu leitekez esandako Foru Dekretu Arauemaile biok, bata Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan aldaketa batzuk egiten dituana —hain zuzen be zerga horreek Estatuko legedira egokitzeko— eta, bestea, zergei buruzko informazioa ixteko erabiltzaile bakotxak prestazino farmazeutikoetan egin behar dauen ekarpena zehazteko baimena emoten dauena —Bizkaiko Foru Aldundia behartuta dago Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergea dala-ta bizkaitarren datuak Gizarte Segurantzari emotera—.


Metroaren 3. linearen foru finantzaketea eta Sarreren Bermerako Errentaren jasotzaileen espedienteak

Foru Dekretu Arauemaile bien bozketeari ekin aurretik, Itaun bi izango dira aztergai, biak Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutakoak. Lehenengoan Talde horrek eskatzen deutso Aldundiari argitu dagiala ea “Bilboko Metroaren 3. linea, Etxebarri eta Matiko artekoa, amaitu eta martxan jarteko 2012. urtean behar dan dirua” jartea aurreikusita ete daukan.

Bestean, Aldundiak azaldu egin beharko dau Sarreren Bermerako Errentaren hartzaileen espedienteak Lanbidera bialtzeko “atzerapena”. Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari, Pilar Ardanza andreari, zuzenduriko Itaunean Sozialistek aurkeztutako idatziaren arrazoiketan esaten da dokumentazino hori bialtzen “sei hila bete baino gehiago” emon dirala eta Lanbidek emon dituan datuen arabera, “oraindik mila espediente baino gehiago falta dirala”. Bere aldetik, Talde Popularrak ahozko erantzun-eske bat aurkeztuta dauka, galdetzeko ea Aldundiak “asmotan ete darabilen neurririk jartea, konponbiderik aurkitzea edo erantzunkizunik eskatzea”, euren ustez “irregulartasun larriak” izan diralako Sarrerak Bermatzeko Errentaren espedienteen bideraketan.


Industria jarduerea eta egoitza plazak

Bizkaiko Talde Popularraren beste ahozko erantzun-eske bi be aztertuko dira: bata Aldundiari eskatzeko baloratu dagiala Bizkaian industria jarduereak izandako beherakadea —EUSTATen datuen arabera %11,5ekoa izan da— eta argitu dagiala horren inguruan inolako neurririk hartuko dauen; bestea, Gizarte Ekintza Sailak argitu dagian ea asmotan ete darabilen “egoitza plazen gaur egungo politikea aldatzea”, Aldundiak berak emondako datuetan oinarrituta “egoitza publikoetan mendeko adinekoentzako plaza kopuru handia erabili barik” dago eta.


Arauz Besteko Proposamenak

Osoko Batzarraren azkenaldera, Batzarkide-Taldeek hiru aztergai aztertuko dabez:
Sozietateen ganeko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Araua aldatzeari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako arau-proposamena (%50eko salbuespena eskatzen dau Dekretu hori indarrean sartu eta 2012ko abenduaren 31 bitartean eskuratutako uri higiezinak eskualdatzetik eratorritako errentetarako), Eleiza Katolikoaren eta beste erlijino batzuen finantzaketeari buruz Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek aurkeztutako arauz besteko proposamena (udalei errazteko OHZ kobratzea kulturako erabilten ez diran higiezin guztiakaitik ), eta Ermuko saihesbideari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako arauz besteko proposamena (2013. urteko aurrekontuen proiektuan hurrengo urtean Ermuko Saihesbideko lanak hasteko beren beregiko partidea eskatzen dauena).