Aurreko Albisteak

Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseiluaren sorrerea iragarri dau Aldundiak Batzar Nagusietan

Batzordea

Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatuak Batzar Nagusien Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordean izandako bileran, Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseilua sortuko dala iragarri dau.. Kontseilu horrek Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutoaren lekua hartzen dau eta, Aldundiak horren sorrerarako aurkeztutako foru-arau proiektuaren arabera, bilatzen dauena da “Bizkaiko garapen iraunkorrerako politikak sustatzea eta horreen jarraipen eta kontrola egitea”. Helburu bikotxa dauka Aldundiarentzat: “Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari guztien parte hartzea eta gastu publikoaren arrazionaltasuna.” Foru-arau proiektuak 8 zuzenketa-eske jaso ditu Batzarkide-Taldeen aldetik (5 PPrenak eta 3 Bildurenak) testuaren alderdiren bat aldatzea bilatzen dabenak. Talde Popularraren zuzenketa-eske guztiak onartu egin dira eta Bildu Taldearenak baztertu egin dira, enparauko Taldeen aldezkotasunik ez dabe lortu eta.

Kontseiluaren zereginen artean dagoz Bizkaiko Lurralde Historikoaren garapen iraunkorrerako politikak sustatzea eta udalei aholku emotea iraunkortasunaren arloko finantzaketa-programei buruz. Erakundea gehienez be 12 kidez osatuta egongo litzateke proeiktuaren arabera, erdiak Aldundiak izendatutakoak eta beste erdiak Batzar Nagusiek, “Batzarkide-Talde guztien ordezkaritza bermaturik”. Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutoari atxikitutako langileak Aldundiaren menpean egotera aldatuko leitekez.


Igorreko trasferentzia-zentroaren egoerea eta Karrantzan edateko uraren azpiegiturak

Beste alde batetik, Madariaga jaunak Igorreko zabortegiaren ixte eta akabera faseak gauzatzeari eta trasferentzia-zentroaren egoereari buruzko argipideak emon ditu, Talde Popularrak egindako eskari bati erantzunez. Iragarri dau eze Igorreko trasferentzia-zentroaren lanak “2013ko martian edo apirilean hasiko dirala” eta sei hila bete beranduago amaituko dirala. “Lanak 2013ko irailerako-edo amaituta egongo litzatekezanez, zabortegia hurrengo urtearen amaieran behin betiko zarratzeko hartu dogun konpromisoa beteko geunke” esan dau. Oposizinoarentzat, iragarpen hori “albiste ona da”. “Agindutakoa beteko da” esan dau Socialistas Vascos Taldeko Joaquín Colmenerok.

Amaitzeko, Diputatu jaunak azaldu egin ditu Karrantzan edateko uraren hornikuntza osatzeko martxan diran eta aurreikusita dagozan azpiegituretan emondako pausoak. Madariagak data jarri deutso une honetan egiten ari diran araztegia amaitzeko lanei: “Lanok betearazoteko epea 2013ko bagilean amaituko da, baina, seguruenik, urte bereko amaierara arte luzatuko da, zerbitzuan imini baino lehen egin beharreko probaldien ondorioz” esan dau.