Aurreko Albisteak

Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseilua sortzeari buruzko argibideak emongo ditu Ingurumeneko Foru Diputatuak Batzar Nagusien Batzordean

Tranbia

Bariku honetan, Irailaren 28an, eguerdiko 12:00etan hasita, Batzar Nagusien Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordean izango da Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatua Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseilua sortzeari buruzko argibideak emoteko. Kontseilu horrek Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutoaren lekua hartzen dau eta, Aldundiak horren sorrerarako aurkeztutako foru-arau proiektuaren arabera, bilatzen dauena da “Bizkaiko garapen iraunkorrerako politikak sustatzea eta horreen jarraipen eta kontrola egitea”. Helburu bikotxa dauka Aldundiarentzat: “Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari guztien parte hartzea eta gastu publikoaren arrazionaltasuna.” Foru-arau proiektuak 8 zuzenketa-eske jaso ditu Batzarkide-Taldeen aldetik (5 PPrenak eta 3 Bildurenak) testuaren alderdiren bat aldatzea bilatzen dabenak.

Kontseiluaren zereginen artean dagoz Bizkaiko Lurralde Historikoaren garapen iraunkorrerako politikak sustatzea eta udalei aholku emotea iraunkortasunaren arloko finantzaketa-programei buruz. Erakundea gehienez be 12 kidez osatuta egongo litzateke proeiktuaren arabera, erdiak Aldundiak izendatutakoak eta beste erdiak Batzar Nagusiek, “batzarkide-talde guztien ordezkaritza bermaturik”. Bildu Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske baten bidez eskatzen da 18 kide izan daitezala, “ingurumen eta nekazal eragileak” be parte hartu ahal izan dagien. Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutoari atxikitutako langileak Aldundiaren menpean egotera aldatuko leitekez.


Igorreko zabortegia eta ura Karrantzan

Beste alde batetik, Foru Diputatuaren batzorderatzea eskatuta dauka Talde Popularrak argitu dagian zertan dagoan Igorreko zabortegiaren ixte eta akabera faseak gauzatzearena eta zein dan trasferentzia-zentroaren egoerea. Era beran, popularrek eskatzen deutsie Madariaga jaunari azaldu dagiala zeintzuk diran Karrantzan edateko uraren hornikuntza osatzeko martxan diran eta aurreikusita dagozan azpiegiturak, Enkarterriko herri horretan urteak daroez-eta “uraren hornidureagaz eta uraren kalida-deagaz arazoak izaten”.