"Desbardinak gara"
Ordu bete baino gehiago iraun dau mahai inguruak, aretoa bete-beterik egoala —San Mameseko harmailak zirudien joandako denporaldiko Europako partidu baten— mahaikideek azaldu egin dabe eurentzat zer dan Athletic. Hurreko iragan loriatsua talde zurigorriaren gaur egunekotasunagaz nahastu da. Itaunik behinenei erantzuteko astia egon da: Anakronismoa ete da Athleticen handitasun hori? Ilusino hutsean ete gagoz hondino? L Equipe egunkariak esan eban lez, kasu bakarra ete gara munduko futbol guztian? Hori holan bada, Taldearen onerako ala txarrerako ete da desbardinak izatea?
Horren inguruan, Iribar aritu zan lehenengo, eta esan eban: “Bai, ezbardinak gara. Ez dago gurearen moduan erantzuten dauen zalegorik, batez be une txarretan, taldea animatuz”. Ezbardinak izatearena onerako ala txarrerako izateari buruz, esan eban “Lezaman egiten dan lanean konfiantza osoa daukat eta ikusten dot atzetik jokalari oso interesgarriak datozala”.
Tituloak dirala-ta, Iribarrek esan eban gauzak oso gatx dagozala talde bi dagozalako gainontzekoen aldean oso indartsu, baina krisialdia “aukerea” izan leitekeala. Enparauko taldeek “euren barrenera” begiratu beharko dabe, esan gurean ezin izango dabela hainbeste fitxaketa egin eta jakalariak harrobitik hartu beharko dabezala. “Horretan, abantaila handia daukagu”.
Xabier Ayerdik onartu egin ebazan hitzok, baina eztabaidan “txarraren papera” egitea suertatu jakon. Soziologoak esan eban harrobian egindako lana gure bertuterik handiena dala, baina datu “kezkagarri” bat aitatu eban. Athletic demografiara lotuta dago. “Euskadik orain daukan jaiotze-taseagaz jarraitzen badau, 2040. urterako milioi eta erdi biztanle izango gara, gaur egun milioi bi eta berrehun mila garenean. Non aukeratu gitxiago egongo da.” Hori dala-ta, gure filosofiaren inguruko eztabaida “lasaia” zabaldu beharra dagoala esan eban, hau da, Euskal Herritik kanpo jaiotako jokalariak fitxatzearen inguruan, “arazo demografikoa” daukagu-eta.
Galderen txandea hasi zanean Iribarrek izan eban lehenenego entrenatzaile profesionalak hartu eban hitza, Manuel de Nicolas jaunak (Iribar Baskoniako jokalari zanean 1961. urtean), eta esan eutsan Aierdiri “federatutako jokalarien fitxak Iribarrek jolasten eban garaian egozanak baino hiru bider gehiago dirala gaur egun”, baina Aierdik esan eutsan “azken tituloak babyboom garraikoakaz” irabazi genduzala.
Bata bestearen ostean mahairatu dira itaunok, legebatzar-itaunak balira lez. Giroan hara eta hona ebilzan udan gori-gori izan diran arazo batzuk. Javi Martínezen eta Fernando Llorenteren inguruan jazotakoa ikusirik, eztabaidea driblatuz ibili da grinarik sutsuenak eragiten dituen aztergai batzuen inguruan. Athleticek ezinbestean joaten laga beharko dauz jokalaririk onenak ala, bestela, fideltasun prozesuan aurrera egin beharko ete dau?
Vicky Martínez zaleak esan eban zeozerk huts egiten dauela Llorente halako jokalari gazte batek Athletic iztea erabagiten dauenean bizitza erdia bertan emon ondoren. Hori dala-ta, “sentimendua” gehiago lantzeko eskatu eutsan klubari. Horren inguruan joan zan eztabaidearen zati handia. Danek jo eben tamalgarritzat jokalari estrategikoak alde egitea, klubaren estrategia oinarritzen dalako jokalari estrategikook “eustean” eta Athleticekoak izatea sentitzean. Koikilik esan eban lastimea zala Martinez joan izana: “Horrexek egiten deusku min. Kolpe gogorra da, oso onak diralako.”
Beroaldiak gora-behera, mahai ingurua San Mameseko partidu onetan jazoten dan moduan amaitu da, hau da jokaldirik onenak kopautxu baten aurrean komentatuz. Entzuleen artean izan ziran, besteak beste, Ainara Aretxabaleta (EAJ) eta Joseba Gezuraga (Bildu) batzarkideak, Alberto Uribe Echevarria, Silvia Muriel eta Angel Gorostidi Athleticeko zuzendaritzakoak, Juan María Aburto Lehendakaritzako Foru Diputatua, Sabin Anuzita Bilboko zinegotzia eta Roberto Laiseka txirrindulari ohia.
http://www.canalathletic.com/noticias/2012-09-26/somos-distintos-20120926.html
http://www.deia.com/2012/09/26/athletic/la-diferencia-rojiblanca