Aurreko Albisteak

Adimen desgaitasuna dutenentzako erakusketa inklusiboak Abellanedan

Abellaneda

Fidalgoren erakusketak irakurketa errraza ere eskaintzen dau

Urriaren 1ean Deustuko Unibertsitateko entzunaretoan topaketak izango dira Adimen desgaitasunaren eta gizarte eredu berrien inguruan. Aurten 50. urte betetzen dituen Gorabide elkarteak antolatutako jardunaldian azpimarratzekoa da Enkarterrietako Museoagaz batera garatzen ari den museo inklusiboaren proiektua, museoaren ekintzetan ezgaitasun intelektualen bat dutenen era bateko parte hartzea bultzatzera bideratutakoa, talde bakoitzarentzat metodologia egokiak prestatuz eta materiale ezberdinak beraien beharrizanetara egokituz. Proiektu horren barruan aipatzekoa da aldibaterako erakusketetako edukinetan “Irakurketa Erraza” sartu izana, irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat dena ulergarriagoa izan dadin.

Jardunaldien barruan, hamabost txostengilek plazaratu egingo dituzte etorkizuna ikuspegi partekatutik eraikitzeaz egin dituen hausnarketak, indar berezia jarriz, esaterako, Europan gizarte politikek duten norabidean, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko NBEren konbentzioa egunerokotasunean aplikatzeko eran, babeserako beharretan eta laguntzarako teknologietan, edo multimedia-baliabideak aldaketarako tresna bihurtzeko aukeretan.

Gorabidek mende erdi darama adimen desgaitasuna dutenei laguntzen. Bizkaiko elkarte horrek antolatu duen jardunaldian parte hartuko dutenen artean azpimarra genezake James Thompson dk., Illinoiseko Unibertsitateko irakaslea (AEB) eta Adimen Desgaitasunaren eta Garapenaren Ameriketako Elkarteko (AAIDD) presidente hautatua, Conny Reuter, Solidar GKEren idazkari nagusia eta Europako Plataforma Sozialeko presidentea, edo Andy Minnion, Britainiar Inperioko Ordenako Kidea,The Rix Centreko zuzendaria (Ingalaterra)

Era berean, jardunaldian parte hartzen izango dira Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andrea; Josu Solabarrieta, Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko dekanoa; Hugo Baroja, Gorabideko presidentea; Gorabideko erabiltzaileak, profesionalak eta boluntarioen ordezkariak; Ismael Garzón, Gorabideko Arreta Zuzeneko koordinatzailea eta proiektuaren koordinatzailea; eta Ainara Arranz, Enkarterrietako Museoko kultur ekintzako arduraduna. Arratsaldeko saioan, bada, azaldu egingo da guztiek batera zer egin behar duten Museoak erantzun egokia eman diezaien adimen desgaitasuna duten bisitariei.

Jardunaldian gizartearen ekarpenak ere jasoko dira, “Gorabide 2062” proiektuaren eskutik, zeinaren bitartez herritarren iritziak jaso diren adimen desgaitasuna dutenen inklusioaren esparruan hurrengo 50 urteetan egin beharko den bideari buruz.


Lotutako artxiboak: