Aurreko Albisteak

Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak Artxandako tunelen adjudikazinoari buruzko argibideak emongo ditu Batzordean

Batzordea

Bariku honetan, irailaren 21ean, goizeko 9:30etan hasita, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordera joan eta argibideak emongo ditu Artxandako tunelen kudeaketearen eta ustiaketearen adjudikazinoagaz lotutako zenbait gora-beherari buruz. Bizkaiko Talde Popularrak lehiaketa horren “inguruko guztia” jakin gura dau udaren hasieran 5,5 milioi eurotan adjudikatutako lehiaketa horrezaz. Bildu Taldeak be eskatu dau Diputatu andreak “eragiketa horren eragin ekonomikoaren eta aurreikuspenen inguruko informazino eta argitasunak emon” dagizala. Koalizino abertzalearen aburuz, “desfasea dago” 2012ko aurrekontuetan, tunelak erabilteagaitiko sarrerak “ez datozalako bat urtarrilean onartutako %35eko bidesari-beherakadeagaz.”

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeko batzarkideek aukerea izango dabe entzuteko Aldundiak zer deritxan Eusko Jaurlaritzaren errepidezko bidaiarien garraioaren Araudiaren aurkako errekurtsoari eta Mugikortasun Iraunkorraren Lege proiektuari. Bildu Taldeak jakin gura dau ea zenbateko eragina izango dauen errepidezko bidaiarien garraioaren ganeko aginpideetan eta prozesua zertan dan. Batzorderatze-eskea egin da Aldundiak araudi hori —apiriletik dago indarrean— errekurritu eta egun batzuk beranduago, “Aldundiaren “ahalmenak urratu” egiten ditualakoan.

Azken batzorderatze-eskea Socialistas Vascos Taldeak aurkezturikoa da. Horren bitartez Diputatu andreari batzorderatzea eskatzen jako argibideak emon dagizan AP-8 autopistan kilometro bakotxeko zenbat kobratu erabagiteko Herri Lan eta Garraioetako Sailak darabilen formuleaz. Ekimenaren arrazoiketan adibide batzuk dagoz errepide horretako zati batzuetan jarrita dagozan prezio batzuen inguruan.