Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak umeentzako jarduera-egitarau zabalagaz hasi dau ikasturtea

Abellaneda

Enkarterrietako Museoak 6 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako jarduera-egitarau zabal eta oparoa programau dau 2012/2013 ikasturterako. Abellanedako Juntetxean (Sopuerta) dagoan Bizkaiko Batzar Nagusien kultur zentroak aurrera segiduko dau gazteei eskualdeko bizimodua eta historia erakusten, erakusketako elementuen bitartez (pieza artistikoak, birsorkuntzak, maketak, planoak, argazkiak…). Informazino hori osotzeko, aro historiko bakotxaren gaineko tailer zehatzak egingo dauz (Historiaurrea, Erromanizazinoa, Erdi Aroa…), eskola-umeek jolastuz ikasi eta ikertu dagien. Barrikuntza lez, Museoa tailer bat prestatzen dabil, DBH eta Batxilergoko ikasleak batzarkide lanetan ibili daitezan egun batez. Proiektu horren izena “Batzar gaitezen Abellanedan” da.

Enkarterrietako Museoak Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako jarduera didaktikoakaz segiduko dau ikasturte honetan; izan be, jarduera horreek sano harrera ona eukiten dabilz azken urteotan. Joan zan ikasturtean, batez be Bizkaikoak ziran 8.530 eskola-umek osotu eben ikasgela honeetan izena emoteko kupoa. Hain zuzen be, ikasgelok praktikaren bitartez ikasteko dagoz diseinauta. Jarduerok egin ahal izateko, Museoak Bizkaiko ikastetxe guztietara zabaldu dau izena emoteko epea. Interesatutako ikastetxeek aldez aurreko hitzordua finkatu leikie, museoko telefonoetara deituta (94 650 44 88 / 94 610 48 15) edo mezu elektroniko bidez (enkarterrimuseoa@bizkaia.eus).


Nobedadea: gazteen legebiltzarra

Aurtengo nobedadea da, urtarriletik aurrera, gazteen legebiltzarra ipiniko dala martxan. Museoa “Batzar gaitezen Abellanedan” izeneko tailerra prestatzen dabil, DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Modu horretan, Bizkaiak eta Enkarterrik menderik mende euki daben antolakuntza politiko-administratiboa emon gura da ezagutzera. Ikasleak batzarkide izango dira egun batez, eta, holan, Batzar Nagusien egitekoak eta eskumenak ezagutuko dabez.

Edozelan be, umeentzako martxan ipiniko diran lehenengo bi jarduerak Historiaurrearen eta Erdi Aroaren gaineko tailerrak izango dira; hain zuzen be, urrian hasiko dira. Historiaurreko Tailerrean, ikasleek tresnak landuko dabez, eta sua eta labar-pinturak egiten ikasiko dabe; Erdi Aroko Tailerrean, barriz, eleiza baten eraikuntzaren bitartez, arte erromanikoaren oinarrizko ezaugarriak ezagutuko dabez, eta, gainera, idazkera gotikoaren oinarrien barri eukiko dabe. Urtarrilean, “Erromatarren atzetik” Tailerrean, parte-hartzaileek erromatarren garaira arte bidaiatuko dabe denporan, eta, modu erakargarri eta esperimentalean, zibilizazino horren elementurik nabarmenenak ezagutuko dabez.

Era berean, Museoak txikiei asko gustetan jakezan beste ekimen batzuk egiten segiduko dau. “Bizi zure kontua” izeneko jardueran, ipuin herrikoi baten oinarritutako eszenografiagaz, Lehen Hezkuntzako ikasleek modu aktiboan hartuko dabe parte istorio bateko protagonista lez; bertan, gure arbasoen bizimodu landatarra zelakoa zan ikasiko dabe. “Sortu dezagun gure munstroa” ekimenari esker, txikiek gure eleiza, komentu eta baselizetako izaki fantastikoak eta munstroak ezagutuko dabez. Tradizinoaren aldeko apustu honetan, ipuin-kontalariak be egongo dira, umeei ahozko istorioak transmitiduteko.

Ikasturte honetan, Enkarterrietako Museoak lankidetzan segiduko dau eskualdeko beste zentro interesgarri batzukaz. Ikasturte osoan, jarduera bateratua egingo dau El Pobaleko burdinoleagaz, eta bisita gidatuak egingo dira burdinaren mundua ezagutzera emoteko; izan be, burdina sano garrantzitsua izan da Enkarterriren garapen ekonomiko eta sozialerako. Jarduera hau izango da ordaindu beharreko bakarra, lehen aitatutako beste guztiak doakoak izango dira-eta. Halanda be, bertan parte hartzeko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da.