Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andrea batzorderatu egingo da azaltzeko zein dan Aldundiaren jarrerea Espainiako Gobernuak mendekotasunaren arloan iragarritako murrizketen inguruan

Batzordea

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Batzordera joango da datorren barikuan, irailaren 14an, azaltzeko zein dan Bizkaiko Foru Aldundiak izango dauen jarrerea Mendekotasunaren legearen inguruan Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak dirala-ta. Batzorderatze-eskaria Socialistas Vascos Taldeak egindakoa da, jakin gurean Madrilek iragarritako murrizketek zein neurritan eragingo deutsieen lege horrek aurrikusitako gizarte-laguntzen onuradun diran bizkaitarrei.

Socialistas Vascos Taldeak uste dau neurri horrek “eragin nabarmena” izango dauela gizarte zerbitzuetan daukagun sisteman, eta jakin gura dau ea Aldundiak jaramonik egingo deutsan ala ez Patxi López lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, hiru Foru Aldundiei zein EUDEL-Euskal udalen Elkarteari igorri deutsen deiari.

Ardanza andrearen batzorderatzea eta gero, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko dira. Lehenengoan, Talde horrek gura dau eskatu dakiola Aldundiari “azterlan bat egin dagiala estimulazino goiztiarreko tratamenduetatik eratorritako terapiakaz jarraitu ahal izateko banakako laguntzak emotearen aukera eta bidegarritasunaz”, gaur egun Gizarte Ekintzako Sailak eskaintzen dituan estimulazino goiztiarreko tratamenduak sei urtetik beherakoentzat dira-ta.

Bigarren proposamenean, popularrek gura dabe Batzar Nagusiek eskatu deioela Foru Aldundiari handitzeko Gizarte Ekintza Sailak finantziatutako garun paralisidunentzako egoitza plazen kopurua. Talde Popularrak emondako datuen arabera, Aldundiak bakarrik finantziatzen ditu garun paralisidunentzako 25 egoitza plaza Bizkaian, eta danak dagoz Mungiako Landetxobaso Etxea egoitzan, 19 pertsona dagozalarik itxaron zerrendan.