Interes handia sortu dau Ismael Fidalgo margolariari buruzko erakusketeak
Enkarterrietako Museoan prestatu dan askotariko erakusgelan ekainean hasita dago ikusgai Ismael Fidalgoren ibilbidearen barri emoten daben ehun margolan inguru, paperezko beste hogeta hamarren bat lan (marrazkiak, apaindutako gutunak, dokumentazinoa…) eta zenbait busto eta erretratu beste hainbeste margolari ospetsuk eginikoak, esate baterako Ibarrola, Apezetxea, Etxarte, Marce Bañales edo Chumy Chúmez karikaturagile entzutetsuak eginikoak. Enkarterriari, Ezkerraldeari eta Meatzaldeari estu loturik egon zan artista horren lanari eta bizitzari buruzko dokumental bi be badagoz erakusketearen osagarri.
Erakusketa horren bitartez, Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak alkar hartuta jokatu gura izan dabe “zor jakon omenaldia egiteko gerra osteko belaunaldian giltzarri izan zan artista bati, beste artista batzuengan eragina izan eban horri”, Horixe adierazo eban Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak erakusketearen inaugurazino ekitaldian. Madariagak ganeratu eban “meatzen, kolorearen eta espresinoaren margolaria izan zala”. Erakusketa horrek, bada, erakarpen indar handia dauela erakutsi dau eta Javier Barrio Enkarterrietako Museoko Zuzendariak dinoanaren arabera, “asko eta asko izan dira oporraldia aprobetxatu eta azken asteotan erakusketa hori ikusten Museora etorri diranak”. Erakusketea datorren urteko urtarrilera arte egongo da Museoan.
Bisitari ugarien artean egon dira Goio Bañales eta Pedro García ikerlariak, Abellanedako Museoari laguntzeko lanetan be aritu ohi diranak. Erakutsitako artelanen bitartez osoro egin dakie ikustaldia Fidalgoren lanik aitagarrienei. Bañales adituak dinoanaren arabera, material hori guztiori topau eta biltzeko egindako lana “aitatzeko modukoa” da. Artelan horreetan, paisaienganako jitea nabarmentzen da, egilearen “indarra eta benetakotasuna” adierazoz. Erakusketea bisitatu daian edonork ondoriotzat atarako dau “egin beharrekoa zala eta merezi izan dauela”, batez be gustukoak badituzu Aurelio Arteta, Derain —koloreak erabilteko daben moduagaitik— edo Cezanne bera be, “bodegoietarikoren bati erreparetan badeutsazu”.
Fidalgori buruzko erakusketea mende oso baten ganeko lana da. Pedro Garcíak 90en hamarkadan ezagutu eban Fidalgo, “La Balco” (Babcock Wilcox) izeneko Margolarien Taldea sortu eban sasoietan. Garcíaren ustez Fidalgoren lanak “zituan ideakazko koherentzia eta herriagazko eta langileakazko konpromisoa” adierazoten ditu. Garcíak konbita egiten deutso “mundu guztiari” “margolari handi bati” eta pertsona handi bati eskainitako “erakusketa handi” batez gozatzeko.
Barakaldo Antzokiko zuzendariak, Angel Asensiok, zorionak emon deutsez Museoari eta Batzar Nagusiei erakusketa hori antolatzean “abagunea baliatu eta asmatu dabelako”, erakusketeak artistearen lanaren katalogazino “zehatza” egiten dauelako eta agirian ixten dauelako Fidalgok pertsona lez herriagazko eta herritarrakazko izan eban “xalotasuna, irisgarritasuna eta konpromisoa”. Arlo artistikoari gatxakozala, Asensiok indarra jarten dau lanen “edertasunean eta ganezka darien indarrean”, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herritarren “arimearen erakusgarri”. Asensio harriturik-edo dago, erakusketea baino lehen nekez begitanduko jakozalako “haren presentzia gordea baina zuhurra, txeratsua edo, inoiz, pikaro eta isekaritik ataratako hainbeste lan, hainbesteko edertasun errepika-ezina”.