Aurreko Albisteak

Dani "enbaxadoreak" Abellaneda erakutsi deusku

ETB 2 katean laster emoten hasiko diran “Embajadores” saioak bisitaldia egin dau Abellanedako Batzarretxera. Saioaren aurkezleak, Iñaki Lópezek, Daniel Ruiz Bazán “Dani” izan dau lagun. Danik ederto ezagutzen dau inguru hori, bere jatorria Sopuertan dau eta. Athleticeko jokalari ohia egun batez Enkarterriren “enbaxadore” bihurtu da Euskal Herriko eskualdeen barri emon gura dauen ordu beteko telebista saio barriaren barruan.

Daniren eskutik ikusleek aukerea izan dabe Euskadiko eskualderik ezezagunetako bat, Enkarterri, ezagutzeko. Eskualdearen barri emoten hasteko, lehenengo bisitatu dauen lekua Abellanedako Batzarretxeak eta Enkarterrietako Museoak osatzen daben ingurua izan da. Museoaren zuzendaria, Javier Barrio, lagun ebala Athleticen historiako hirugarren golegilerik handienak Batzarretxeko geletan zeharko bisitaldia egin dau eta leku honen historian zeharko ibilbidearen zertzeladak azaldu ditu; izan be, bidegurutzea eta eskualdeko ordezkari politikoen topagune izan da Abellaneda Erdi Arotik hasita.

“Embajadores” telebista saioak astero-astero erakutsiko deutse euskal ikusleei Euskadiko eskualderen bat. Iñaki López izango da saioaren aurkezlea eta eskualde bakotxeko pertsona ezagunen laguntza izango dau inguruaren edertasunak-eta erakusteko. Besteak beste, Modesto Lomba diseinatzaileak, la Oreja de Van Gogh taldeko kideek, Martín Berasategi sukaldariak, Igor Yebra dantzariak edo Inma Shara orkestra zuzendariak parte hartuko dabe.

http://www.deia.com/2012/07/18/bizkaia/margen-izquierda-encartaciones/embajador-de-la-comarca-recuerdos-de-sopuerta-a-sodupe