Aurreko Albisteak

"Oporrak Bakean" proiektuari esker Bizkaian oporretan diran mutiko eta neskato sahararrek Enkarterrietako Museoa bisitatuko dabe

Enkarterrietako Museoak (Abellaneda-Sopuerta) mutiko eta neskato sahararren bisitea izan dau gaur goizean. Mutiko eta neskato horreek joandako astetik hona dagoz gure artean, hilabete biko udaldiko oporrak Bizkaian egiteko, “Oporrak Bakean-Vacaciones en paz” proiektuaren barruan. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak bat egin gura izan dabe ekimen horregaz eta bisitaldi kulturala antolatu deutsiee, ekintza jolasgarri eta didaktikoakaz. Hurrengo eguaztenean, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Gernikako Batzarretxean hartuko ditu.

Neskato eta mutikoek historiaurreko tailerrean hartu dabe parte, Enkarterrietako Museoak Bizkaiko ikastetxeetako ikasleentzat ikasturtero antolatutako ekintza didaktikoetako bat dan horretan. Historiaurreari buruzko bideoa ikusi ostean, umeek sasoi haregaz lotutako ekintza didaktikoari ekin deutsie, eta museoko teknikariakaz aritu dira silex harriak moldatzen, sua egiten edo kobazuloetako moduko irudiak margozten.

“Oporrak Bakean-Vacaciones en paz” proiektuaren barruko “Begirada Alaiak Aterpetxea” izeneko egitarauan hartzen dabe parte umeok. Horri esker, Algeriako Tindouf inguruko kanpalekuetako bizibaldintza gogorrak atzean itxi eta gure artean izaten dira udaldian hainbat ume saharar, urteko sasoi honetan bizileku daben leku horretan 50 gradutik gora jasan behar izaten dabez-eta. Metro Bilbao-ko eta EuskoTren-eko langileek osaturiko “Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe” garapenerako lankidetza alkarteak antolatzen dau “Begirada Alaiak Aterpetxea” egitarau hori, eta Euskadiko Sahararen Ordezkaritzaren laguntza dauka.

Gaur Museora etorri diran hamazortzi neskato eta mutiko sahararrak Ubideako Olalde aterpetxean dagoz egunokaz, eta datorren eguaztenean Gernikako Batzarretxera joango dira. Ekainaren 26an etorri ziran Bizkaira eta gure artean izango doguz abuztuaren 25era arte. Ekitaldi asko antolatu dira eurentzat, besteak beste Guggenheim Museoa edota Athletic Club-aren garaikurren aretoa ikustea.

http://www.deia.com/2012/07/07/bizkaia/artistas-rupestres-por-un-dia