Ahaldun Nagusiak deia egin deutse taldeei, hilabete batzuk barru Aurrekontuaren berrikuspena negoziatzeko

Dana dala, Ahaldun Nagusiak ohartarazo dau oraindik “ez dala unea” Bizkaiko errealidadea “mahai gainean” jarteko. Aldundiaren asmoa da txosten “zehatz” bat bialdutea Batzar Nagusietako talde guztiei, Ondarearen gaineko Zergaren, PFEZen eta Soziedadeen gaineko Zergaren diru-bilketearen bilakaera eta abenduan Batzar Nagusiek onartutako neurri fiskalen ondorioak zeintzuk diran jakin ondoren.
Euskal Sozialisten Taldea bat etorri da erantzunagaz. Iñaki Egaña bozeramaile sozialistak eskaintza onartu izana eskertu deutso. “Eskua emoten deutsut, akordiorako momentua da-eta”, Aldundiari leporatu ostean diru-sarrereak puztu dituala eta 2012ko aurrekontuak “garrantzi txikikoak” zirala. Erantzunen txandan, José Luis Bilbaok ukatu egin dau egoera halakoa zanik, izan be, aurrekontuak urrian egin ziran ordura arteko aurreikuspenakaz, eta, ondoren, Finantzen Euskal Batzordeak onartu zituan, eta organo horretan dagoz, hain zuzen be, hiru foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza.
“Atseden” programak, mendekotasunen bat daukien personen jagoleentzat
Batzarra goizeko 9:00etan hasi da Bizkaiko Talde Popularraren itaun bategaz, mendekotasunen bat duten persona nagusientzako “atseden” programa egitearen gainean; beste aukera batzuk be kontuan hartzea gura dabe, eta ez bakarrik programa honetan jasota dagoana, hain zuzen be, egonaldiak egoitzetan, izan be, “ez dabe balio urtenbide moduan kasu guztietan”, adierazo dau Eduardo Andrés ahaldunak. Gizarte Ekintzako diputatuak, Pilar Ardanzak, erantzun deutso, esanez, Aldundiak atseden programa bat baino gehiago ipiniko dauala martxan, mendekotasunen bat daukien personak jagoten dabenentzat. Eguneko hiru zentrok egingo dabe lan hori garagarriletik aurrera, programa esperimental baten. Gainera, iragarri dau azken hiruhilekoan beste esperientzia pilotu bat garatuko dabela Cáritas eta ITG taldeagaz, irabazi asmorik bako erakunde horreetako boluntarioak mendekotasunen bat daukien personen etxeetara joan daitezan, hareen jagoleek atseden hartzeko aukerea euki daien.
Lleuri II-Zuatzuko zabortegia (Leioa)
Beste itaun baten bitartez, Talde Popularrak azalpenak eskatu ditu Aldundiak 2001etik Arteako merkataritza-gunean (Lleuri II-Zuatzu (Leioa) itxitako uri eta industria zaborrak kontrolatzeko egin dituan lanen gainean, izan be, Europako Batzordearen ebazpen baten arabera, ez dira Europako ingurumen-zuzentarau batzuk bete. Lehendakaritzako diputatuak, Juan María Aburtok, adierazo dau ez jagokola Aldundiari auzi hori ebaztea, ez dauka-eta ia eskumenik gai horretan. “Eskaerea ez da foro egokian aurkeztu; Eusko Jaurlaritzan aurkeztu behar da”.
Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea
Era berean, Bildu Taldeak gaur egun Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideak daukan trafikoaren bolumenari buruzko informazinoa eskatu dau, eta zelan eragiten deutsan bide honen trafiko-bolumenaren aurreikuspenak ez beteteak –Aitor Torre ahaldunak %44koa dala esan dau–, “Supersur” dalakoaren finantza-plana beteteko orduan.
“Aurreikuspenak egunean 23.500 ibilgailukoak ziran, eta urtarrilean, 10.366 ibilgailu izan ziran”.
Itziar Garamendi Garraio diputatuak adierazo dau aurreikuspen horreek 2004an egin zirala, eta 2008az geroztik, “trafikoa murrizten joan dala apurka-apurka”; %25 murriztu dala esan dau. Garamendik aitortu dau, garraiolarientzako deskontuen aplikazinoagaz batera, orokorrean mobikortasunaren murrizketeak diru-sarrerei be eragiten deutsela, 6 milioi euro ingurukoak izango dira-eta. Diputatuak esan dau diru-sarreren murrizketa horrek ez deutsala eragingo finantza-planari; izan be, obrak lizitetako orduan Aldundiak aurreztu zituan 172 milioi euroakaz “konpentsauko” da. Datu horreek emon ostean, diputatuak adierazo dau Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea “behar bezala beteten dabilela helburuak, besteak beste, kamioien trafikoa desbideratzea”; dana dala, trafiko hori “gorantz” doa oraindik, izan be, apirilean 4.400 ibilgailu astun izan ziran egunean, urte hasieran baino ia mila gehiago.
Bizkaikoa
Era berean, joan dan bagilaren 21eko osoko batzarrean Aldundiak Bizkaikoa foru soziedadearen lehenengo 16 jarduera-hilabeteei buruz emon zituan azalpenak entzun ostean, Bizkaiko Talde Popularrak mozino baten bidez eskatu eban Batzar Nagusietako talde bakotxeko batzarkide bat joan ahal izatea entzule lez Bizkaiko museoen koordinazinoaz arduratzen dan soziedade horren Administrazino Kontseiluaren batzarretara, betibe, informazinoa zuzenean eskuratu ahal izateko. Azkenean, popularrek kendu egin dabe mozinoa, Euzko Abertzaleak Taldeko ahaldun Lorea Bilbaori entzun ostean; izan be, arloan adituak diranen parte-hartzea proposatu dau, Batzar Nagusietako taldeek izendatutakoak, erakundeak osotu behar dauan hurrengo Aholku Kontseiluan.
Batzarreko bozketa bakarra amaieran egin da. Osoko Batzarra Bizkaiko Talde Popularraren Arau-Proposamen bat baztertuz amaitu da; proposamenaren helburua zan Bizkaiko Batzar Nagusien Araudia aldatzea eta “kasu berezi batzuetan”, besteak beste, haurdunaldi kasuetan, aitatasun kasuetan, amatasun kasuetan edo gaixotasun larriko kasuetan, batzarretako botoa beste batzarkide batzuen esku itxi ahal izatea. Bai Bilduk eta bai Talde Popularrak proposamenaren aldeko botoa emon dabe, eta Euzko Abertzaleek eta Euskal Sozialistek kontrako botoa emon dabe; izan be, talde horreen arabera, kontu hau Araudiaren aldaketea eztabaidatzeko sortu beharreko Ponentzian aldatu behar da. “Mamiagaz baino gehiago, formakaz ez gatoz bat”, adierazo dau Iñaki Egaña bozeramaile sozialistak, eta proposamena babestu daben taldeak salatu ditu, akordioei kasurik ez egiteagaitik. Aizbea Atela ahaldun abertzaleak araudiaren aldaketea babestu dau gai honetan; “testuinguru orokorrean egin behar da, eta ez aldaketa zehatzetan”.