Aurreko Albisteak

Bizkaiko garraio sistemearen gaur eguneko egoereaz txosten tekniko-juridikoa egiteko eskatu deutsie Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Aldundiari

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur goizean izandako Herri Lan eta Garraioetako Batzordean onartu dabe Bizkaiko garraio sistemearen gaur eguneko egoereaz txosten tekniko-juridikoa egitea. Talde ekimengileek (Euzko Abertzaleak Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak) uste dabe txosten hori “oinarria” izan leitekeala etorkizunari begira erabagi egokiak hartzeko.

Txostena egiteko agindu beharko dau Aldundiak, eta eginda egon beharko dau urriaren 15a baino lehenenago. Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren aburuz, “Batzar Nagusiek erabaki egokia hartzerik izan dezaten, ezin-besteko gertatzen da Bizkaiko Garraioen Partzuergoaren izaera bere ikuspuntu tekniko-juridikotik zehatz-mehatz ezagutzea, eta horrekin batera, agintaritza bihurtzeko gaitasunik ote duen, agintaritza hori eratzeko dauden alternatibak, bere helburuak, funtzioak eta abar.” Aldundiari txosten hori egiteko eskaria ekarren Arauz Besteko Proposamenaren aldeko botoa emon dau Socialistas Vascos Taldeak be, uste dauelako Ponentzia sortu aurretik ona dala oinarizko dokumentua izatea.

Bildu Taldekoek baino ez dabe ekimen horren aurkako botoa emon, uste dabelako arazo hori aztertzeko Ponentzia behingoan sortu behar dala Batzar Nagusietan. Bilduk hori eskatuz aurkeztu dauen ekimena ez dabe onartu enparauko Taldeek, uneon planteatzea egokia ez zala uste izan dabelako; dana dala, aurrerantzean Ponentzia sortzeko ateak edegita itxi ditue.


Neguan zabalduko dira Bilbora Olabeagatik sartzeko bideak.

Socialistas Vascos Taldeak eskaturik batzorderatu da Itziar Garamendi Landa Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andrea, eta argibideak emon ditu Sabino Aranako zubi-bideak erasteari buruz. Batzar Nagusietan adierazo dau neguan zabalduko dirala Bilbora Olabeagatik sartzeko bideak, baina uneon ez dagoala datarik jarrita Sabino Aranako zubi-bideak erasteko. Eraste horrek 8 milioi euro inguruko gastua eragingo dau.

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Itziar Garamendik, argipideak emon ditu Batzordean, Socialistas Vascos Taldeak eskatuta, Egirletan istripua izateagaitik, eta errepide hori “istripu ugariko tartea” deritxenen artean behar bestean seinalizatu barik egoteagaitik, gidari andrazko bat indemnizatu beharrera Aldundia kondenatu izanari buruz. Diputatu andreak adierazo dau ez Euskadin ez Europan ez dagoala definizino “argirik” kontzeptu horrek esan gura dauenaz. Deitura “zaharkitua” dala adierazo dau. Ganeratu dau hori gora-behera, egiten diharduela errepide horren segurtasuna hobatzeko lanak. Socialistas Vascos Taldeko Joaquín Colmenero jaunak eskatu deutso Egirletako errepidearen bikoizketea egin daitela, Bizkaiko errepideetako “gune baltza” dalako.

Metropoliaren Hegoaldeko seinaletikea aldatzeari buruz, Garamendi Diputatu andreak adierazo dau maiatzean jaso ebela errepide horretako sainaleak hobatzeeari buruz Sailak egiteko agindutako azterlana. Azken dukumentua izan dagienean, Batzar Nagusietara argipideak emoteko etorriko dala agindu dau, nahiz eta, berez, gaur egun dagoan senaletikeak “bete egiten dauen indarrean dagoan araudia”. Bizkaiko Talde Popularrak eskatutako ekimen baten eskutik etorri da Diputatu andrearen erantzuna. Talde horretako Isasi jaunak gogorazo dau Batzar Nagusiek abendutik eukela eskatuta ildo horretako ekimenak egitea.

Batzordearen amaieran, Larrañetako funikularrari buruz Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatu da. Talde horren eretxiz, aurrekontu-murrizketek eta gure ekonomian dagozanek “arriskutan” jarten dabe Trapagaraneko auzoak lotzen dituan funikularra bizirik egotea etorkizunean. Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea onartu egin da eta, beraz, ahobatez onartu da Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskotreni eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea etorkizunean bermatu dagiela funikularra normaltasunez egunero jardunean izatea eta emendioa egitea auzokide eta turistei, garraiobide lez ez eze, eskualdearen erakargune eta turismo- eta kultura-dinamizazinorako baliabide lez be.”