Bizkaiko udalen zorpetze-mugak aldatzeari buruzko Foru Arauaren erizpena onartu egin da Batzar Nagusietan
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak onartu egin dau eguen honetan, ekainaren 14an, Bizkaiko udalei 2012ko ekitaldirako daukiezan zorpetze-mugak aldatzeko Foru Arauaren Proiektuaren Erizpena. Lehendakaritzako Foru Diputatuak, Juan Mari Aburto jaunak, azaldu dau udalek daukiezan “zenbait zor ordaintzea finantziatu gura dala” eta krisi ekonomikoak sortutako egoera larriaren ondorioz asko murriztu dirala udalerri batzuen baliabideak, horrek “justifikatu ezinezko atzerapenak eragiten ditualarik beste batzuei egin beharreko ordainketetan”. Erizpenaren alde Euzko Abertzaleak Taldeak, Socialistas Vascos Taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak bozkatu dabe, eta Bildu Taldea abstenidu egin da. Osoko Batzarrera joango dan testuan Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske biak sartu dira, Foru Arau horren 1 eta 3. artikuluetan egokitzapen batzuk egiteko aurkeztu ziranak.
Horren ostean, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, Jose María Iruarrizaga jaunak, Bizkaiko Talde Popularrak egindako galdera bati erantzun deutso. Horren bitartez argitu gura izan da zergaitik Aldundiak ez dauen emoten, araudiak ezarritakoari jarraituta, enpresa-erakunde publikoen eta merkataritzako foru enpresen inguruko informazinoa. Diputatu jaunak emondako azalpenaren ostean, Talde horrek kendu egin dau gai berari buruzko Arauz Besteko Proposamena, hain zuzen Aldundiari eskatzen eutsana hiru hilean behin Batzar Nagusietara igorri dagiala erakundeoi buruzko informazino ekonomikoa.
Antzeko zerbait eskatzen zan be Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean, ahobatez onartu danean, 5/2006 Foru Arauaren 92. artikulua bete daitela hain zuzen. Artikulu horretan esaten da Foru Aldundiak Batzar Nagusietara igorri behar dituala foru sektore publikoaren kontuak eta agiriak “Arau horretan bertan ezarritako maiztasuna, xehetasun maila eta baldintzak” aintzat hartuta. Iruarrizaga jaunak erantzun dau ez dala hori bete izan kontularitzako prozedura orokorretan aurreko urteetan gertatuko aldaketakaitik, eta esan deutse Batzar Nagusietako Taldeei itxaroten dauela “aurrerantzean ez dala holakorik barriro gertatuko”.
Beste alde batetik, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak ez dau onartu Foru Aldundiak burutzen dituen errenta aitorpenei buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Talde honek esan dau hori 2010. urtera arte egin izan dauela Aldundiak, eta Ogasuneko langileek egindako lanari esker ikuskatu egin leitekezala aitorpenak eta dokumentuak, “zerga iruzurra murrizten lagunduz”.
Hiri-lur izaerako Ondasun Higiezinen Balio-txostenari buruz Socialistas Vascos Taldeak aur¬kez¬tutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatu da hurrengo. Horren bitartez, eskatu egin gura izan jako Foru Aldundiari atzeratu dagiala Bizkaiko udalerri guztietako Hiri-Lur izaerako Ondasun Higiezinen Balio-txostenaren proposamena, harik eta balio eremuen heterogenotasunari buruz ikusitako hutsak zuzendu arte. Socialistas Vascos Taldeko Alexia Castelo andreak azaldu dauenez, txostena egiteko udalei emondako 15 eguneko epea “ez da behar bestekoa argi eta garbi”. Porposamenaren alde Euzko Abertzaleak, Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek bozkatu dabe, eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da.
Hipoteken betearazpenen prozesuei buruzko ahobatasuna
Amaitzeko, hipoteken betearazpenen ondorioei buruz Euzko Abertzaleak Taldeak, Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatu dau Batzordeak. Espainiako Gobernuari egin gura jakozan zazpi eskarien artean dago “ordainean emotea” dalakoa ezartea hipoteken betearazpenen prozesuetan. Ekimen hori Talde guztien aldeko botoakaz onartu da, behin proposamena jatorriz aurkeztu eben hiru Taldeek onartu ondoren Bizkaiko Talde Popularrak egindako zuzenketa-eskea. Horrek uste dau ordainean emotea finantza erakundeek hartu beharreko “azken neurria” dala.