Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak eskualdeko trikuharriei buruzko erakusketea zabaldu dau

Karrantzako trikuharri baten irudia

Karrantzako Fuentellanoko trikuharria

Sopuertan, Abellanedako Batzarretxeari dautsala dagoan Enkarterrietako Museoan, erakusketa barria inauguratu da Enkarterriko hainbat eta hainbat menditan dagozan monumentu megalitikoei buruz, batez be trikuharriei buruz. Erakusketa horretan panelak, argazkiak eta pieza aitagarri batzuk dagoz, esaterako esku-errotak, aizkorak, gezi-puntak, lanabes geometrikoak, etab. trikuharrien sasoikoak, 5.000 urte baino gehiagokoak nonbait.

Erakusketea egiteko laguntza tekniko ederra emon dabe Xabier Gorrotxategi eta María José Yarritu arkeologoek. Maiatzaren 13ra arte izango da zabalik eta Enkarterriak dauan ondarerik ezezagunetarikoa ikusteko aukerea eskainiko deutse bertaratu daitezan guztiei. Trikuharriak harriz egindako egiturak dira: harritzar batek edo batzuk hormak osatzen ditue eta beste batek edo batzuk zapaia; egitura hori harriz eta lurrez estaltzen eben eta, arkeologoek deitzen deutsen moduan, tumuluak osatzen zituen.

Gure mendietan oraindik be azterketa arkeologikoa egin bako trikuharri asko eta asko dagoz eta ikusi batean landen erdian dagozan tontortxuak emoten dabe, metro batekoak-edo. Behin mendeetan zehar metatutako bedarra eta lurra kendu ezkero, harrien pilaketea agertzen da, eta harriotako batzuk kentzen diranean, ganbera agertzen da (ikusi Karrantzako Bernaltako trikuharriaren argazkia).

Ezagutzen ditugun ondare-monumenturik zaharrenak dira Trikuharriak. Zaharrenak VI. milurtekoaren erdialdekoak dira eta oraintsukoenak V. milurtekoaren lehen laurenekoak. Neolitoko gizataldeek ehorzlekutzat erabilten zituen. Trikuharririk gehienak Enkarterriko mendikateen tontorretan dagoz eta trikuharri-esparruak osatzen ditue. Holangoak dagoz Karrantzan, Trutziozen, Artzentalesen, Sopuertan eta Galdamesen.

Megalitoen ikuspegi osotua emoteko atondutako multzoetan bereiztuta dago erakusketea: noizkoak diran, egin ziran aurrerakuntza teknologikoak (leundutako harria, kobrearen metalurgia…), trikuharrien egiturea bera, ehorzlekutzat zelan erabilten ziran eta, azkenik, monolitorik garrantzitsuenen ikuspegia.