Aurreko Albisteak

Bizkaiko udalen zorpetze-mugak aldatzeari buruzko eztabaidea.

Bizkaiko herri bat

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea bihar, eguenean, ekainaren 14an, 10:30etan hasita batzartuko da, Bizkaiko udalei 2012ko ekitaldirako dituzten zorpetze-mugak aldatzeko Foru Arauaren Proiektuaz eztabaidatzeko. Foru Gobernuaren helburua da toki erakundeek “kontratuen arloan hartu dituzten zor jakin batzuen ordainketa finantzatu ahal izateko”. “Krisi ekonomikoak sortu duen egoera larria dela eta, asko murriztu dira udalerri batzuen baliabideak, eta, horren ondorioz, justifikatu gabeko atzerapenak gertatu dira kontratuak burutzeagatik sortutako betebeharrak ordaintzerakoan”. Foru Arau Proiektua horrek zuzenketa-eske bi izan ditu, bata Euzko Abertzaleak Taldearena, eta bestea Socialistas Vascos Taldearena.

Horren ostean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatu jaunak erantzun egingo deutso Bizkaiko Talde Popularrak egin deutsan ahozko erantzun-eske bati. Talde Popularrak galdetzen deutso Aldundiari zer dala-ta Bizkaiko Foru Aldundiak ez deutsen Batzar Nagusiei “ezetariko informazinorik” igorten ez enpresa-erakunde publikoei buruz ez merkataritzako foru enpresei buruz, araudiak hori agintzen dauen arren. Bizkaiko Talde Popularrak Arauz Besteko Proposamen bat be aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusiek eretxia emon dagien Foru Aldundiak hiru hilean behin enpresa-erakunde publikoei eta merkataritzako foru enpresei buruzko informazioa igorri behar izateaz Batzar Nagusiei. Socialistas Vascos Taldeak be antzerakoa eskatzen dau beste Arauz Besteko Proposamen baten bitartez.

Bildu Taldeak Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dau Foru Aldundiari eskatzeko “Errenta Aitorpena dohainik egiteko zerbitzua eman dezala” barriro, “2010. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak Ogasun Sailean Errenta aitorpenak dohainik egiteko zuen zerbitzu publikoa eskaintzeari utzi zion” eta. Talde horren eretxiz “Aldundiko langileek zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen zuten, eta …, horrela, zerga iruzurra murrizten lagundu”.

Beste Arauz Besteko Proposamen baten bitartez, Socialistas Vascos Taldeak Batzar Nagusien aldeko botoa eskatuko dau “atzeratu daiten Bizkaiko udalerri guztietako Hiri-Lur izaerako Ondasun Higiezinen Balio-txostenaren proposamena, harik eta balio eremuen hete-rogenotasunari buruz azaldutako hutsak zuzendu arte”, “txosten hori egiteko emondako 15 eguneko epea argi eta garbi dalako laburregia txosten horregaz lortu gura danerako”.

Azkenik, Hipoteken betearazpenen ondorioei buruz Euzko Abertzaleak Taldeak, Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak batera aurkeztu daben Proposamenaz eztabaidatuko da. Espainiako Gobenuari egin gura deutsiezan zazpi eskarien artean dago behar besteko arauzko erreformak egin dagizala hipoteka egikaritze prozesuetan “ordainean emateko” figura ezartzeko. Bizkaiko Talde Popularrak zuzenketa-eskea aurkeztu deutso Proposamenari “ordainean emotearena finantza erakundeek izan dagien azken aurkerea izan daiten”.