Aurreko Albisteak

Nekazaritzako Foru Diputatu andrearen batzorderatzea, kurumino asiarra Bizkaitik desagertuerazoteko neurriak azaltzeko

Kurumino asiarra

Kurumino asiarra

Datorren barikuan, ekainaren 15ean, Nekazaritzako Foru Diputatua, Irene Pardo andrea, Batzar Nagusietara joango da kurumino asiarra (Vespa Velutina) kontroletako eta Bizkaitik desagertuerazoteko Aldundiak orain arte hartutako neurriak, eta etorkizunerakoak, azaltzeko. Batzorderatze hori Bizkaiko Talde Popularrak eskatu dau, jakiteko zer egin dauen Aldundiak bertoko erleentzat hilgarria dan insektu horren aurka, Talde horren ustez Bizkaiko nekazaritza eta ekosistemak “arriskuan jarten” ditualako.

Batzorderatze-eskean Talde Popularrak ENBA sindikatuaren eta BAMEPE Bizkaiko erlezain profesionalen alkartearen adierazpenak jasoten ditu, esanez horreen ustez egoerea “ez dagoala kontrolatuta”. Erlezainek eta sindikatoak uste dabe espezie hori ezabatzeko formuleak —habiak eskopetaz tirokatzea— “arazoa konpondu baino, areagotu egiten dauela”, halan jokatuta habi bakotxetik “hogeiren bat habi” sortu leikezalako.

Beste alde batetik, Batzorde berean eztabaidatuko da Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat, eskatzeko Aldundiari gehitu dagizala txakur eta otsoen erasoak jasaten dabezan abeltzainei emondako dirulaguntzak. Talde horrek gura dau Abereen osasun egitarauetarako 88/2011 Foru Dekretuan eta horren araudi garapenetan jasoten diran diru-laguntzetan sartu daitezala “orokorrean kanidoek (txakurrek, otsoek, etab.) —eta ez bakarrik otsoek, gaur egun araututako dagoan lez— egindako erasoakaitiko kalteordainak,” Arauz Besteko Proposamen horrek Euzko Abertzaleak Taldearen zuzenketa-eske bat izan dau, txakur basatuen erasoakaitiko kalteordainak emon daitezan “beti be aginpidea izan dagian erakundeak behar bestean ziurtatu eta egiaztatu ondoren”.

Beste alde batetik, Oiolako urtegiari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da. Horretan, Bildu Taldeak gura dau Batzar Nagusiek eskatu deioela “Barakaldoko Udalari bermatu dagiala Oiolako urtegia ez dala ur-hornidura sareagaz lotuko, harik eta guztiz ziur egon arte kutsadura eragilerik ez dagoala, kutsatzailea izan daiteken edozein foko ezabatuz”. Izan be, joandako maiatzaren 8an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baimena emon eban urtegiagazko loturea barriro egiteko eta handik edateko urez hornitzeko. Hori debekatuta egoan 2008. urtetik, lindano aztarnak aurkitu ziranean. Ganera, Bildu Taldeak gura dau Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatu deioela Foru Aldundiari egin beharreko ikerketak egin dagizala bermatu ahal izateko Oiolako urtegian harrapatutako arrainak gizakiek kontsumitzeko “egokiak” dirala, eta bestela debekatu dagiala arrantza egitea. Arauz Besteko Proposamen hori dala-ta 8 zuzenketa-eske aurkeztu dabez gainontzeko Taldeek, testuaren edukina neurri baten aldatzeko asmoz.