Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ahobatez sendestu dabe Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako Hitzarmen markoa, Euskadiko enpresa sarearen enplegarritasuna hobetzeko

Bizkaiko Batzar Nagusiek Talde guztien ahobatasunez sendestu dabe Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako Hitzarmen markoa, Euskadiko enpresa sarearen enplegarritasuna hobetzeko eta produktibitatea modernizatzeko eta areagotzeko baliabideak koordinatzekoa. Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua be egon da Ekonomia eta Ogasuneko Batzorde horretan, eta Hitzarmenari buruzko azalpenak emon deutsez batzordekideei.

Hori baino lehen, bizkaitarrek Batzorde horretan dituen ordezkariek Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako lau Arauz Besteko Proposamen izan ditue hizpide, frankiziei buruz, inbertsore atzerritarrarentzako arreta zerbitzua sortzeari buruz, Bilbao-Bizkaia Card txartel turistiko barria martxan jarteari buruz eta ekintzaile kulturea bultzatzeari buruz hain zuzen be.

Gai-Zerrendako lehenengo aztergaitzat agertzen zan ekimenean Talde Popularrak eskatzen eutsan Aldundiari “informazino kanpaina eratu dagiala frankizien jarduereari buruz” eta “beste erakunde batzuen laguntzagaz, sustatu dagizala frankiziak feria eta erakusketen bitartez“. Ekimena baztertu egin da beste Batzarkide-Talde guztien (Euzko Abertzaleak, Socialistas Vascos eta Bildu) aurkako botoakaz.

Bozketen emaitza bera jaso dau Bizkaiko Talde Popularrak “inbertsore atzerritarrarentzako arreta zerbitzua abiatzea eskatzeko” aurkeztutako hurrengo Arauz Besteko Proposamenak be; izan be, Bizkaiko Talde Popularraren ordezkarien aldeko botoa baino ez dau jaso.

Hurrengo ekimena ahobatez onartu dau Batzordeak. Ekimen horren bitartez eskatzen zan Aldundiak “egin beharrekoak egin dagiazala Bizkaiko Foru Aldundiarengandik laguntzaren bat jasoten daben museo guztiek martxan jarrri dagiezan deskontuak edo promozino merkeagoak, euren sarreretan Bilbao-Bizkaia Card txartel barriaren erabiltzaileei zuzendutakoak”.

Azkenik, hartarako aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, barriro be ahobatez onartu da Aldundiari eskatzea “lankidetza-hitzarmena egin dagiala Eusko Jaurlaritzagaz, hitzarmen horren bitartez Bizkaiko hezkuntzan bultzada handiagoa emoteko ekintzaile kultureari”. Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskeak onartu egin ditu Talde ekimengileak eta, beraz, lankidetza-hitzarmena sinatzera mugatu barik beste “tresna batzuk” martxan jarteko aukerea zabalik itxi da eta Eusko Jaurlaritzaren eta arlo horretan lan egiten daben beste erakunde batzuen parte hartzea be ahalbideratu da.