Aurreko Albisteak

1.700 pertsonatik gora ez ditue beteko Sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko baldintzak, 2011ko datuen arabera

Batzordearen irudia

Gizarte Ekintzako Foru Diputatua, Pilar Ardanza andrea, Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean izan dau gaur, Bildu Taldeak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak gogortu ondoren —erroldatze epea urte betetik hiru urtera aldatuta— hori jaso barik geratuko diran pertsonei buruzko datuak emoteko. Gaur goizean Diputatu andreak esandakoaren arabera, igaz laguntza horren hartzaile izandako 36.887 pertsonetatik 1.747 pertsonak ez leukie baldintza barri hori beteko eta, beraz, galdu egingo leukie laguntza. Ardanza andreak esan dau pertsona horreek Aldundiak dituan “beste programa batzuk” erabili leikiezala.

Batzorderatze hori baino lehenago, Emakumezkoen jabekuntzaren aldeko politika aktiboak sendotzeari buruz Euzko Abertzaleak Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak alkarregaz batera aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena onartu dau ahobatez Gizarte Ekintzako Batzordeak. Proposamenean eskatzen jako Foru Aldundiari sendotu dagizala Emakumezkoen jabekuntzaren aldeko politika aktiboak Bizkaiko Emakume eta Gizonen Ber­din­ta­sunerako VI. Foru Planean, Bizkaia —Talde bion eritxiz— Estaduko batez bestekoren azpitik dagoalako erabaki politiko nahiz ekonomikoak hartzerakoan emakumezkoen benetako botereari jagokonez. Proposamena dala-ta Bildu Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea onartu dabe Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeek. Zuzenketa horretan eskatzen da Bizkaiko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planean zehaztutako emakumeen jabekuntzari lotutako ekintzen ebaluaketea —47 ekintza aurreikusten ziran— aurkeztea Batzar Nagusietan.

Batzordearen amaieran, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu da. Horren bitartez, eskatu egiten jako Aldundiari “laguntza- eta jarduera-egitarau berezia egin dagiala haurdun egonik gizarte bazterketa arriskuan eta/edo guraso bakarreko egoeran eta umeak hazteko trebakuntza beharrizan bereziakaz dagozan emakumeei laguntzeko”. Era berean, Talde horrek eskatu egiten dau lankidetza-hitzarmenak sinatu daitezala “emakumeontzako laguntza emotea helburu daben Bizkaiko alkarte guztiakaz”. Euzko Abertzaleak Taldeak proposamen horri aurkeztutako zuzenketa-eskea be onartu da, giza talde horreei zuzenduriko laguntzak areagotu daitezan “beharrizanek gora egiten badabe”. Proposamenaren aurka Bildu Taldeak baino ez dau bozkatu.