Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren batzorderatzea Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko argibideak emoteko.

Batzarra goizeko 10:00etan hasiko da.

Maiatzaren 30ean, eguaztenean, Batzar Nagusietako batzordean izango da Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatua. Bildu Taldeak batzorderatzeko eskatu eutsan apirilean, Sarrerak Bermatzeko Errentea eskuratu ahal izateko erroldatze-epea urte batetik hiru urtera aldatuz Eusko Jaurlaritzak urtarrilean egindako aldaketeak eragingo dituan pertsonei buruzko argibideak emoteko. Talde horrek ezagutu gura dau ea zein izango dan Aldundiaren jarrerea epe barri hori bete ez eta laguntza barik geratuko diran pertsonei jagokenez.

Batzorderatze horren aurretik, Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeek batera aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko dau Gizarte Ekintzako Batzordeak goizeko 10:00etan hasiko dauen batzarrean. Arauz Besteko Proposamen horretan eskatzen jako “Bizkaiko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI. Foru Planean Emakumezkoen jabekuntzaren aldeko politika aktiboak sendotu dagizala”, Bizkaian, Talde bion eritxiz, emakumezkoek hezkuntzan eta prestakuntza profesionalean maila altua izan arren ez dalako benetako bardintasun bihurtzen jabekuntzaren aldetik, azken horretan Espainiako bataz bestekoaren azpitik dagozalarik. Ekimenak Bildu Taldearen zuzenketa-eskea izan dau, eskatzeko “Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III Foru Planean zehaztuta zeuden emakumeen jabekuntzari lotutako ekintzen ebaluaketa aurkez dezala”, hain zuzen be emakumeen jabekuntzagaz lotutako “47 ekintzei” dagokienez.

Amaitzeko, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko dau Batzordeak, eskatzeko Aldundiari “laguntza- eta jarduera-egitarau berezia egin dagiala haurdun egonik gizarte bazterketa arriskuan eta/edo guraso bakarreko egoeran eta umeak hazteko trebakuntza beharrizan bereziakaz dagozan emakumeei laguntzeko”. Era berean, Talde horrek eskatzen dau lankidetza-hitzarmenak hedatu daitezala emakumeontzako laguntza emotea helburu daben Bizkaiko alkarte guztietara. Euzko Abertzaleak Batzarkide-Taldeak zuzenketa-eske bat aurkeztu deutso ekimen horri, laguntza horreek gehitzeko “beharrizanek gora egiten badabe”.