Aurreko Albisteak

Egirleta gainako errepidean bidesegurtasuna eta Bizkaibus zerbitzua hobatzea eztabaidatuko dira Herri Lan eta Garraioetako Batzordearen hurrengo bileran

Egirleta gaina

Bilborako sarbidea Egirleta gainatik

Herri Lan eta Garraioetako Batzordea datorren astelehenean, maiatzaren 28an, batuko da, goizeko 9:30etan, Batzarkide-Taldeek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen batzuk eztabaidatzeko. Horreen artean dagoz Egirleta gainako errepidearen bidesegurtasunari buruzko ekimen bat eta Bizkaibus zerbitzuari buruzko lau ekimen, esaterako Foru Aldundiaren web-gunean Bizkaibusaz emoten dan informazinoari buruz edota Aldundiak finantziatzen dauen Bizkaibus zerbitzuaren kabinak barritzatzeari buruz.


Lehenengoaren kasuan, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean eskatzen da Aldundiari eskatu dakiola “bide-segurtasun neurriak presaz ezarri dagizala Egirleta gainako errepidean, bertatik doan trafikorako errepide zaharkituta dan horretan istripurik izan ez daiten”. Proposamenak Euzko Abertzaleak Taldearen zuzenketa-eske bi izan ditu, hain zuzen be bidesagurtasuna hobatzeko neurriak Aldundiari ez eze Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari be eskatzeko, eta radarrak jarri dagizala eskatzeko.

Bilboko sarbide horren eztabaidea eta gero, Bizkaibus autobusen zerbitzuari buruz arituko dira batzordekideak. Hasteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren web-gunean Bizkaibusaz emoten dan informazinoari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da. Bertan eskatzen da “web-gunean sartu dagiala Bizkaibusen kabinen kokapenari eta bezeroentzako daben ordutegiari buruzko informazinoa.”

Ondoren, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako hiru Arauz Besteko Proposamen eztabaidatuko dira. Alde batetik, Aldundiari eskatzen jako “Bizkaibusen geralekuak egokitu dagizala Sailak hiru urte dirala Bizkaibusentzat aukeratu eban irudi korporatiboaren arabera”. Beste alde batetik, “behar bestean seinalatu dagiala Aireportuko lineako geltokia” Kale Nagusiaren eta María Díaz de Haro kalearen kurutzegunean eta “seinaletako zutabea jarri dagiala Bilbobusegaz batera dauen Rekalde Zumarkaleko geltokian”. Azkenik, hirugarren ekimenean eskatzen jako Aldundiari hobetu eta eguneratu dagizala Bizkaibuseko “kabinak eta kabinok emoten dituen zerbitzuak”. Bildu Taldearen zuzenketa-eskea jaso dau azken ekimen horrek, “kabinotan lan egiten dauen pertsonaren ganeko erantzukizuna Garraioen Partzuergora” eskualdatu daiten.