Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek maiatzaren 3an izandako Osokoan egindako bozketen emaitzak

Osoko Batzarra

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2012. urteko laugarren Osoko Batzarra egin dabe maiatzaren 3an, eta 18 aztergai izan ditue. Horreetariko hamalau goizean eztabaidatu dira, eta enparaukoak arratsaldean. Hurrengo zehazten dira egindako bederatzi bozketen emaitzak


Bizkaiko egoitza unitate sozio-sanitarioetan zerbitzu sozio-sanitarioak

Bizkaiko Talde Popularrak aurkez­tutako mozinoa ez da onartu, 30 boto izan ditualako aurka (Euzko Abertzaleak Taldea eta Socialistas Vascos Taldea) eta 18 boto alde (Bizkaiko Talde Popularra eta Bildu Taldea). Bizkaiko Talde Popularraren proposamen horretan “eskatu egiten jakon Aldundiari gehitzeko zaintza sozio-sanitarioaren zerbitzuaren plazak eta, era berean, aldatu dagizala zaintza sozio-sanitarioa euki ahal izateko baldintzak, hain zuzen be 60 urtetik beherakoei be emon ahal izateko zerbitzu hori.”

P&O ferryaren bonoak

Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako mozino hori be ez da onartu, 22 boto izan ditualako aurka (Euzko Abertzaleak Taldea), 16 boto alde (Bizkaiko Talde Popularra eta Socialistas Vascos Taldea) eta 9 abstentzino (Bildu Taldea). Bizkaiko Talde Popularraren proposamen horren bidez gura zana zan “Ahaldun Nagusiari eskatzea joakozan erantzukizunak bere egin dagizala 35.707 bonoak desagertu izanetik Aldundiarentzat eta bizkaitar guztientzat eratorritako ondare galerea dala-ta” eta Batzar Nagusiek arbuiatzea “Ferryaren bonoen inguruko prozeduren barruan profesionaletan, epaibide-gastu eta -kostuetan dagoan oparotasuna”.


Iruzur fiskalaren kontrako 2012. urteko publizitate kanpaina

Gai-zerrendako azken mozinoa Bildu Taldearena izan da, hain zuzen be aurreko Osoko Batzarrean aztertutako Itaun baten ondorenezkoa, aurreko mozino guztien moduan. Horren bitartez, “Batzar Nagusiek eskatu egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari, hilabete baten buruan, 2011ko iruzur fiskalaren inguruko datu zehatzak publikoki adieraz ditzala, publizitate-kanpainean azaldutakoa argituz, zehazki azaleratutako iruzur fiskal horretatik berreskuraturiko zenbatekoa zein izan den eta zein zerga motei dagozkien argituz”. Mozinoa onartu egin da Bildu eta Socialistas Vascos Taldeen aldeko botoakaz eta Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoagaz.

Hiri-Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko Foru Araua aldatzea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Araudia aldatzea

Goizeko saioa Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako proposamen biren eztabaideagaz amaitu da, Hiri-Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko Foru Araua aldatzearen ingurukoa bata eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Araudia aldatzearen ingurukoa bestea. Onartu egin dira biak, lehenengoa Bildu Taldearen, Euzko Abertzaleak Taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoakaz eta Socialistas Vascos Taldearen aurkakoagaz, eta bigarrena, ahobatez.

Zerga sistema progresiborako erispideak

Arratsaldeko saioa Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako ekimen baten eztabaideagaz hasi da, hain zuzen be “ongizate estatua mantendu eta lanpostuak eta ekonomi jarduera sustatu ahal izateko beste baliabide bermatuko dauen zerga sistema progresiboa eta ekitatiboa lortzeko kontuan izan beharreko erispideei buruzkoa”. Proposamena ez da onartu 30 boto izan ditualako aurka (Euzko Abertzaleak Taldearenak eta Bizkaiko Talde Popularrarenak) eta 17 alde (Socialistas Vascos eta Bildu Taldeenak).

Enpresak Sustazeko Sozietateek tributatzeko araubide berezia

Hurrengo eztabaidatutako gaia Socialistas Vascos Taldeak aurkez­tutakoa izan da, Enpresak Sustazeko Sozietateek tributatzeko araubide bereziari buruzko Arauz Besteko Proposamena, eta hori be ez da onartu 22 boto izan ditualako aurka (Euzko Abertzaleak Taldearenak), 17 boto alde (Socialistas Vascos eta Bildu Taldeenak) eta 8 abstentzino (Bizkaiko Talde Popularrarenak).

Metro Bilbao enpresako lan-gatazkea

Amaitzeko Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu dira, bat Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoa “Bilboko Metroaren erabiltzaileek jasan behar dogun babesik ezari buruz” eta bestea Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeek aurkeztutakoa, eskatzeko “Metro Bilbaoren Zuzendaritzari eta Enpresa Komiteari Lan Harremanetarako Kontseiluaren ABENIKOA onartu dagiela, hortik aurrera alkarrizketan hasi eta mobilizazinoak ekiditeko, lan hartu-emonak berreskuratu eta gatazkea zeharo konpontzeko borondateagaz”. Ekimen biak onartu egin dira, baina emaitza ezbardinakaz. Talde Popularraren proposamena onartu egin da aldeko 16 botogaz (Socialistas Vascos Taldea eta Bizkaiko Talde Popularra), aurkako 9 botogaz (Bildu Taldea) eta 22 abstentzinogaz (Euzko Abertzaleak Taldea). Bigarren proposamenaren alde Euzko Abertzaleak eta Bildu Taldeek egin dabe, eta beste Talde biak abstenitu egin dira.