Aurreko Albisteak

Gernikako Aretxaren oinordeko landarea sartu da Berrizen, Juan Ramón Iturrizaren omenez

Juan Ramón Iturriza Zabala (1741-1812) Bizkaiko historialaririk eta garrantzitsuenetarikoa izan zan. Berrizko Udalak omenaldia egin deutso —oraintxe beteten dira 200 urte hil zala—domekan, apirilaren 29an, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ospakizun horregaz bat egin eta Gernikako Aretxaren oinordeko landarea emon gura izan dabe, udaletxearen lorategietan sartu dagien. Ekitaldian Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakaria izan da.

Berrizeko Olakuetako San Antonion jaio zan Iturriza, apirilaren 29an hain zuzen be; Bizkaiko historiaren ezagutzaren inguruko ikerlanean gailendu zan. Adituek dinoenaren arabera, Bizkaiko lehen historialari modernoa izan zan, bere garaietatik aurreratuta egoana; bera izan zan lehena gertaera historikoak frogen bitartez egiaztatzen, orduko historialaririk aurreratuenek proposatzen ebenaren ildotik.

Berrizko Udalak eta Gerediaga Elkarteak antolatutako omenaldi ekitaldian, Gernikako Aretxaren oinordeko landarea sartu da eta ohorezko plaka bat jarri da Bizkaiko lehenengo historia idatzia egin eban Iturrizaren omenez. Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakariak esan dauenez “Iturrizak zuztarrak Berrizen ebazan, eta bere lurrean, Bizkaian, sendo errotuta eukazan benetan. Iturriza bere sasoikoa izan zan, gizon ilustratua, edegia eta asko ibilitakoa, esaterako Mexikon, Kuban, Frantzian eta Italian. Berak gauzatu egin eban José Maria Iparraguirre maisuak geroago kantatuko eban Eman da zabalzazu munduan fruitua”.

Ekitaldi horretan erakusketa bat be inauguratu da, iturrizaren eskuizkribu eta zehaztasunen batzuei buruzkoa, udaletxean maiatzaren 6ra arte egongo dana. Era berean, Jon Irazabal historialariak egindako 36 orrialdeko liburuaren aurkezpena be egin da, Iturrizak Bizkiaren historia zelan kontatu eban jakitera emoten dauena.

Lotutako artxiboak: