Aurreko Albisteak

"Gernikako Batzarretxeak eta Aretxak, ikur moduan —gaur inoiz baino gehiago ganera— bildu egiten dabe guztiontzako etorkizun askea eta baketsua lortzeko nahia".

ETB 2ko “Egunon Euskadi” informatiboan, Gernikako bonbaketearen 75. urteurrenaren oroitzarrea dala-ta egin deutsien alkarrizketan, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari andreak adierazo dau “Gernikako Batzarretxeak eta Aretxak ikur moduan —gaur inoiz baino gehiago ganera— bildu egiten dabela guztiontzako etorkizun askea eta baketsua lortzeko nahia”.

Ana Madariaga gaurko egun guztia anfitrioi lanak egiten ibiliko da Gernikako Batzarretxean, hain zuzen be Condor Leginoaren bonbaketetatik salbu geratu ziran eraikin bakarrenetariko baten. Madariaga Lehendakari andreak adierazo dau Gernika “ikur bizia” dala eta Batzarretxea eta Gernika bera ikusten datozan bisitariak “iraganean benetan zer gertatu zan jakin gurean etorten dirala, baina baita etorkizunari itxaropenez begiratzeko gogoagaz be.”

Ekimenak eta aurrera joiazala, eta “euskal askatasunen eta bakearen ikurra”, Gernikako Aretxa lekuko ebala, Ana Madariagak gomutapen berezia izan dau George Steer-enganako, berak “jakin ebalako munduaren aurrean plazaratzen zer gertatu zan Gernikan, faxisten guzurrei aurre eginez”. Gertatu zanaz egin zituan lehen kronika eta albisteek agirian itxi eben “geroago Europan gertatuko zana”. Bere erreportajeei esker jakin ahal izan eban munduak Gernikan 75 urte dirala jazotako izugarrikeria.

Batzar Nagusietako Lehendakariak itxaropenerako mezuagaz amaitu dau alkarrizketea: joandako astean Gernikako azokan emon eben “Zerutik sua dator” izeneko dokumentala gogoratu eta berba-jokoa egin dau esanez “zerutik sua dator, baina Gernikatik bakea dator”.

Alkarrizketearen ostean, Batzar Nagusietako Lehendakariak, bonbaketearen 75. urteurrenaren oroitzarren ekitaldiak dirala-ta, gogotara ekarri gura izan dau “oraindino be beharrezkoa dala oroitzapena berreskuratzeko balio dagien ekimenak bultzatzea. Lehenengo bonbak, izua eta heriotza etorri ziran. 1937ko udabarri negargarri haren ostean, guzurrak etorri ziran Gernikaren ganera, su hiltzaile haren errudunak ostondu gurean”. Gernikaren, Durangoren eta Bizkaian bonbakatu ebezan hainbat herriren ganean “isiltasun trinkoa eta itogarria jausi zan urte askotan”. 75 urte igaro diran arren, oraindino be “beharrezkoak dira egia gaurko belaunaldiengana hurreratuko daben ekimenak egitea, bake-zaletasuna zabaltzeko ekimenak, indarkeria suntsitzaile eta antzuaren aurrean” esan dau Ana Madariagak.

Madariagak gogotara ekarri dau Euskadik gaur bizi dauen abagune politikoa, eta esan dau “gaurkoaren moduko egunek bakea bultzatzeko be balio dagiela”... “gure Herria sasoi barrien argitasuna ikusten hasi da: indarkeriarik bako sasoiak, atentaturik bakoak, ideien jazarpenik bakoak. Bake-bidean aurrera egiteko, eta izuak sekula be ez dagizan gure familiak apurtu eta banandu, derrigorrezkoa da gure iragana ondo ezagutzea.”