Aurreko Albisteak

Enplegu Foru Diputatuak autoenplegu programaren balantzea aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordea

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatuak 2017ko autoenplegu programaren balantzea aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrean, Batzarretako EH Bildu taldeak egindako eskariari erantzunez. Aldundiak 6,3 milioi euroko inbertsinoa egin eban igaz programan, mila eskari baino gehiagori erantzunez, horreen arteko herena iraupen luzeko lanbakoek aurkeztutakoa.

Foru Diputatuak emon dituan datuak kontuan izanda, bere Sailak 1.074 laguntza eskari lagundu ebazan 2017an, 6.335.714 euroko inbertsinoagaz. Programak norgehiagoka erespideak sartu ebazan lehen aldiz laguntzak emoteko orduan, eta jarduketarako ildo bi aurreikusi ebazan. Enpresa proiektuak martxan jarteko aholkularitzara zuzendutako lehenengoan, aurkeztutako 29 eskarietatik 28ri emon jaken arreta, 900.000 euroko inbertsinoagaz. 5.000 eta 15.000 euro bitarteko laguntzen bitartez enpresa barrien lehen urteko funtzionamentua bultzatzen dauen bigarren ildoak, barriz, 1.046 proiektu lagundu ebazan diruz, 5,4 milioi euro bideratuz.

Teresa Laespadak azpimarratu dauenez, ekintzaileen erdia baino apur bat gehiago (%50,17) andrazkoak izan ziran, eta adin tarteari jagokonez, %25, 30 urtetik beherakoak izan ziran, eta ia %27, 45 urtetik gorakoak. Proiektuen %33, iraupen luzeko lanbako egoeran (urte bi baino gehiago lan barik) egozan pertsonek aurkeztutakoak izan ziran. Foru arduradunak azpimarratu dauenez, autoenplegurako ekimen barrien %9 ekonomia jasangarriagaz egon zan erlazionauta igaz. Gainera, lan munduan sartzeko gaiztasun bereziak dituen pertsonen autoenplegua bultzatzen dauen programea da, 45 urtetik gorako pertsonena, besteak beste.

Euren esku-hartzeetan, Batzarretako taldeek moeta guztietako eretxiak erakutsi ditue Foru Diputatuak aurkeztu dauen balantzea dala eta. Talde Mistoak eta Talde Popularrak txostena zorrotz aztertzeko asmoa erakutsi dabe, eta Podemosek azpimarratu dau beharrezkoa dala autoenplegua “auto-esplotazino edo autonomo faltso” egoeretara bideratzeko arriskua saihestea. EH Bilduk adierazo dauenez, partidak ez zirala nahikoa esaten eben kexak jaso ditu, eta gabezia hori konpondu beharra azpimarratu dau. Eta Foru Aldundiko gobernua eusten daben taldeak –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– Enplegu Sailak aurrera eroan dauen lan ildoaren alde agertu dira, eta markautako helburuak bete izana azpimarratu dabe.

ENPLEGU IKASTAROAK ETA GENERO ESTEREOTIPOAK

Lan barik dagozan pertsonentzako prestakuntza ikastaroak antolatzeko orduan genero estereotipoak erabiltea izan da gaur goizean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Batzordean Teresa Laespadak izan dituan beste esku-hartze biren xedea. Lehenengoak Talde Mistoak egindako agerraldi eskari bati erantzun deutso, azaldu daian zer gertatu dan Integrando Fundazinoak, Aldundiak babestuta, bulegoak eta lokalak garbitzeko, bakarrik andrazkoentzat antolatu dauen prestakuntza programan; bigarrena, EH Bilduk gai beraren inguruan egin dauen erantzun-eske bati emondako erantzuna izan da. Aldundiko arduradunak bere Sailaren jarduketea defendidu dau, ia prestakuntzarik ez daukien eta ezkutuko ekonomiatik edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentea (DSBE-RGI) jasotetik datozan andrazkoen taldeak lan munduan sartzeko dituan gaiztasun bereziak kontuan izanda.

Izan be, Diputatuaren berbetan, egoera horreetan “oso gaitza egiten jake euren eskubideak erreklametea”. Laespadak onetsi dau eztabaidea sortzen dala bardintasuna eta gizarte bazterketaren kontrako burrukea bateragarri egiteko orduan, eta arautegia aldatzeko neurriak iragarri ditu eta enplegurako prestakuntza politikan edozein ikutu sexista baztertzeko gogoeta egingo dala adierazo dau. Oposizinoko taldeen artean, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) genero estereotipoak errepikau egiten dirala salatu dau, eta prestakuntza programa guztiek izaera mistoa izatearen alde agertu da, Eduardo Andrések (Talde Popularra) egin dauen moduan. Azken horrek adierazo dauenez, “gai horren inguruan irakurri ahal izan genduzan prentsako titularrak oso esanguratsuak izan ziran”. Neskutz Rodríguez Podemos taldeko ordezkariak, ezelango zehapenik edo ohartarazpenik aurreikusita ete daukan galdetu deutso Enplegu Sailari, eta “beharra generoen arabera banatzean sakontzen daben ikastaroak” aztertzearen alde agertu da. Arantza Urkaregik (EH Bildu) ikastaro horreen jasotzaileak ziran andrazkoen taldeak beharra aurkitzeko gaiztasunak dituala autortu dau, baina “helburua genero bardintasuna be izan behar dala” azpimarratu dau, “eta faktore biak izan behar dirala kontuan Sailak dekretuak idazten dituanean”-

Talde horretako bozeroalea adiskidetzaileago agertu da gai beraren inguruko erantzun-eskea egiteko orduan, talde politikoen, sindikatuen eta mobimendu feministaren arteko “gogoeta partekatuaren” aldeko apustua eginez. Teresa Laespadak onartu egin dau konbitea. Juan Otermin Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, sortu dan gatazkaren parte handia “prentsako titular desegoki batean” oinarritu da. Euzko Abertzaleak taldearen lerroetatik, María Presak esan dau holango salaketek “ibilpide laburra daukiela, politika horreek diskriminazino positiboa eta andrazkoen enplegagarritasuna bultzatzen dabelako”.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Batzordearen saioa, Foru Diputatuak EH Bilduk eskatuta egin dauen beste esku-hartze bategaz osatu da, lau enplegu anezka barri martxan jartearen eta gazteen ekintzailetzaren sustapenerako aurreikusi dan aurrekontuaren igoerearen inguruan. Teresa Laespadak ekimen bi horreen inguruko hainbat xehetasun emon ditu, baina ondorio moduan, “ekintzailetzarako sare proiektua sorkuntzako fasean baino ez dagola, eta aurrera egin ahala, lortzen dituan emaitzen inguruko informazino gehiago emon ahal izango dabela”, esan dau.