Aurreko Albisteak

Batzarretako Presidenteak osasun arloko nazinoarteko ordezkariak jaso ditu Gernikan

Osasunaren arloko Europako eta Amerika Erdialdeko hainbat ordezkari Gernikako Batzarretxera etorri dira gaur goizean, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak harrerea egin deutse. Bisitarien artean Eduardo Antonio Espinoza Fallos El Salvadorreko Osasun ministro-ordea, Lucrecia María Hernández Mack Guatemalako Osasun Ministro ohia, Itziar Irazabal Medicus Mundi Bizkaiko zuzendaria, Carlos Mediano Nazinoarteko Medicus Mundiko zuzendaria eta gainerako ordezkariak eta erakunde horrek Bizkaian dituan kideak, zuzendaritza taldekoak eta bulegoetakoak, etorri dira.

Medicus Mundi, osasuna eskubide unibersal moduan definiduten daben eta pobrezia desagertuarazoteko behar egiten daben pertsonaz osatutako alkartea da, pertsona guztiek duintasunez bizitzeko eta osasunerako eskubideaz gozetako aukerea izan daien. Bizkaia Aretoa izango da gaur eta bihar, “Estadua Osasunaren bermatzaile: erronkak eta mehatxuak” Nazinoarteko Jardunaldiak jasoko dituan lekua. Bertan hartuko dabe parte gaur Gernikara etorri diran sektoreko espezialista guztiek.

Eguraldia txarra izan dan arren, Presidenteak guztiei eskini deutse harrerea, Alkate Soinua entzuten zan bitartean. Euriak ibilpidea zeozer aldatu dauan arren, bisitea Osokoen aretoan hasi eta Arbola Zaharrera, Beirategiaren Aretora, Liburutegira, eta bukatzeko Presidentearen bulegora heldu da. Bertan, konbidau guztiek, berba batzuk idatzi ahal izan ditue Ohorezko Liburuan, foru egoitzara egindako bisitaren oroigarri moduan.

Bere berbetan, El Salvadorreko Osasun ministro-ordeak onetsi dau “hunkituta eta txundiduta dagola euskal herriak bakearen, askatasunaren eta autodeterminazinoaren aldeko burrukan daukan mendeetako tradizinoa ikusita”. El Salvadorreko ordezkariak bisitaren ostean autortu dauenez, baekian Gernikaren gaineko zeozer “ikasleen historiako liburuei esker”. Dana dala, gehitu dauenez, “bisita hau oso aberasgarria izan da, askatasunaren aldeko burrukak eta demokrazia lortzeko tradizinoak indar handia daukiela ikusi ahal izan dalako, eta hori pizgarria da guretzat”.

Guatemalako Osasun Ministro ohiari jagokonez, “bere errespetu eta miresmena erakutsi gura izan ditu euskal herriak dituan balioakaz eta demokraziagaz, erabagiak hartzeko orduan erakutsi dauen partaidetza komunitarioagaz, emakumeen beharraren aintzatespenagaz eta konpromisoagaz, eta herri honek dituan pertenentzia sentimenduagaz eta nortasunagaz”.

Itziar Irazabal Medicus Mundi Bizkaiko zuzendariak, nazinoarteko ordezkariek “Euskal Herriarentzat erreferentea dan lekua” bisiteteagaitik erakutsi daben zirrarea azpimarratu dau. “Guretzat garrantzitsua zan lurraldean daukagun erakunde garrantzitsuenagaz emotea hasierea jardunaldiei, gu bisitetan datorren jendeak modu batean edo bestean gure gizartearen eta politikaren errealidadea ezagutzeko ahalegina egiten dogulako”.