Aurreko Albisteak

La Encartada Museoak aurton 13.000 bisitariren kopurua gainditzeko helburua planteau dau Kulturako

Euskera eta Kultura batzordea

Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak, Boinas La Encartada museoak aurton 13.000 bisitariren kopurua gainditzeko helburua iragarri dau gaur goizean. Horretarako 110.000 euroko zuzkidurea izango dau. Podemos Bizkaia taldeak eskatutako agerraldia Batzar Nagusietako jagokon batzordean egin dau.

Lorea Bilbaok azaldu dauenez, helburu hori lortzeko lau gako emon behar dira: industria arloko ondare parebakoaren aprobetxamendua; emakumearen lana balioan jartea; erlazinoa modaren munduagaz; eta La Encartada, diseinuagaz erlazionautako sorkuntza leku bilakatzeko aukerea. Horrez gain, diputatu andreak hobekuntzak iragarri ditu garraiobideetan eta Museoaren seinaleztapenean. Gainera, hainbat jarduera jasoko dituan plan bat azaldu dau. Jarduera horreen artean, lantegian egiten ziran beharren antzezpena, modagaz erlazionautako topaketak, jarduerak goi joskintzako Javier Barroeta joskinagaz eta bertako beste diseinugile batzuekaz, inguruko gazte sortzaile batzuen beharraren erakusketak edo industria arloko ondarearen gaineko topaketak egongo dira.

EUROPAKO ERRUGBI TXAPELKETETAKO FINALAK

Aldundiko arduradunak, maiatzean Bilbon jokatuko diran Europako errugbi txapelketen finalak dirala eta EH Bildu taldeak egindako bigarren agerraldi eskariari be erantzun deutso. Ekitaldi horrek Bizkaiaren nazinoarteko promozinoari jagokonez izango dauen garrantzia eta gure lurraldeak nazinoarteko kirol ekitaldi handiak jasoteko dauen gaitasuna azpimarratzeaz aparte, Lorea Bilbaok futbola ez dan kirol bat bultzatzeko ekarriko dauen aukerea be aitatu dau. Diputatuak gogorarazo dauenez, kirol horren balioen artean kirolarien arteko errespetua eta zaleen artean sortzen dan jai giroa dagoz. Beste ekimen batzuk be zehaztu ditu, Euskal Museoan egingo dan bertako errugbiaren historiaren gaineko atzera begirako erakusketea, edo Areatzan egongo dan Fan Zonearen inguruan gauzatuko diran jarduerak.

Agerraldia eskatu dauen taldearen izenean, David Lopategi batzordekideak “olatua baliau” behar dala iragarri dau, txikienen artean oinarrizko errugbia bultzatzeko eta “ekitaldi horren inguruan jarduera barritzaileak sustetako, oraindino horretarako garaiz gagoz eta”. Gainerako taldeak bat etorri dira ekitaldia Bizkaiaren promozinoa egiteko eta kirol hori bultzatzeko aukerea dala esatean.

Eguneko gai zerrendea, umeei eta gazteei Bilboko Guggenheim Museoaren lagunen urteko karneta eskuratzeko aukerea zabaltzearen inguruko azterlana egiteko Talde Mistoak aurkeztu eta Podemos Bizkaia taldearen zuzenketa-eskea jaso dauen Arauz Besteko Proposamenak osatu dau. Proposamena aurkeztu daben taldeez aparte, Talde Popularra eta EH Bildu be alde agertu dira, baina Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe.