Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak modu positiboan balorau dau landa inguruetako larrialdien koordinazinorako zerbitzu barria

Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Batzordea

Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Batzordeak, azken 25 urte baino gehiagotan landa guneetako larrialdiak koordinau eta gero Base Gorria zerbitzua desagertu osteko egoeraren balantzea aztertu dau gaur goizean. Beste esku-hartze batzuen artean, basoetako suak dagoz. Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Foru Diputatuak, bere Sailaren eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru arduradunaren izenean egin dau berba, Podemos Bizkaia taldeak eta Talde Mistoak egin dituen agerraldi eskari biri erantzuteko.

Joan dan abenduaren 4an Base Gorria zerbitzua deseginda geratu zan, eta suteen, kontrolautako erreketen, fauna erreskatetearen edo berreskuratzearen, hildako abereak batzearen, koadrila zinegetikoen eta komunikazino zentroaren kudeaketaren gaineko ohar guztiak, beste batzuen artean, koordinetan dituan operatibo barri batek hartu dau haren lekua. Aldaketa horrek, zerbitzu horreetan aritzen diran beharginen ordezkarien kexa eta salaketa batzuk eragin ditu.

Podemos Bizkaiak eta Talde Mistoak behin eta barriro aitatu dabe koherentzia faltea egon dala, 25 urte baino gehiagoz ondo funtzionau dauen zerbitzua desegitean, eta jasotako kexen eta operatibo barriak planteetan dituan zalantzen inguruan arretea deitu dabe. EH Bilduren eretxiz, aldaketea “zentzun bakoa” izan da, eta adierazo dauenez, zerbitzuak “txarrera egin dau, eta kudeaketa publiko eredu batetik, pribatizazino nabarmenera igaro gara”. Talde Popularrak adierazo dauenez, holango zerbitzuetan eraginkortasunak izan behar dau lehentasuna, eta zehaztu dauenez, “Aldundiarentzat merkeagoa izan da telekomunikazino zerbitzua azpi-kontratetea Base Gorriko lantaldea handitzea baino”.

Iraunkortasuneko Foru Diputatuak, landa guneetako larrialdien koordinazinoan jasoten diran egiteko guztiak eta jarduketarako prozeduretan erregistrau diran aldaketak zehaztasun osoz azaldu ditu. Unzuetak esan dauenez, datu guztiek zerbitzuaren eraginkortasuna hobetu egin dala erakusten dabe. Holan, azpimarratu dauenez, zerbitzu barria martxan jarri danetik jaso diran ia 3.000 deietatik, 25ek baino ez dabe jazoeraren bat izan, hau da, guztien %0,85ak. Bere eretxiz, prozesu barriaren trazagarritasunak, gainera, jazoera horreek hobekuntzarako aukerea bilakatzeko modua emoten dau. Bere azalpenek Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko eretxia jaso dabe. Gainera, zerbitzu barriaren balorazinoa egiteko oso denpora gitxi igaro dala azpimarratu dabe talde horreek.