Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek beherapenak eskintzen dituen azoken kontrol fiskalerako ekimena onetsi dabe

Ekonomia eta Ogasun Saila

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak aho batez onetsi dau gaur goizean Talde Popularrak bultzatutako Arauz Besteko Proposamena, asteburuetan egiten diran eta beherapenak eskintzen dituen azoketako kontrolaren gainekoa.

Ekimenak eskaria egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, iruzur fiskalaren kontra aurrera daroan burrukaren barruan egin beharreko kontrolak egin daizan, Lurraldean egiten diran azokatan, erakusketatan, outlet-etan edo antzekoetan legedia betetan dala bermatzeko. Javier Ruiz proposamena aurkeztu dauen taldeko bozeroaleak, proposamen hori iruzurrari aurre egin beharraren, merkatari txikiei egiten jaken kaltearen eta asteburuetan be ikuskapen fiskalak egokitu beharraren barruan sartu dau proposamena. Talde guztiak iruzur fiskalari aurre egiten lagunduko dauen neurriaren alde agertu dira, baina euren desadostasuna erakutsi dabe proposamena aurkeztu dauen taldeak azaldu dituan justifikazino batzuakaz.

OGASUN ETA FINANTZETAKO FORU DIPUTATUAREN AGERRALDIA

Eguneko gai zerrendea Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuaren agerraldiagaz osatu da, EH Bilduk eta Talde Mistoak egin dituen eskari biren aurrean erantzuteko. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, nazinoarteko enpresen artean iruzur fiskala aurkitu izanaren eta Bizkaiko Ogasunak ia 126 milioi euro berreskuratu izanaren inguruan galdetu dau. Aldundiko arduradunak, 2017an Nazinoarteko Fiskaltasuneko Unidadea (FNU-UFI) sortu izanaren barruan sartu dau jarduketea. Iruarrizagak azaldu dauenez, “espezializazino maila altua” daukan unidade hori martxan jarri izanak hiru alderdiri erantzun deutse: iruzurraren jazarpenean espezializetako estrategiari; nazinoartean iruzurra prebenitzeari; eta ekonomia globalizauk sortu dauen testuinguru barriari. Batzordeko taldeek modu positiboan balorau dabe FNU-UFIren sorkuntzea, eta laneko ildo horrekin jarraitu beharra azpimarratu dabe.

Ogasuneko Diputatuak, 2015eko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko be hartu dau parte. Gai horren beraren inguruan Kontuen Euskal Epaitegiko Presidenteordeak orain denpora gitxi egin eban agerraldian gertau zan moduan, eztabaidea Epaitegi fiskalizatzaileak aitatu ebazan salbuespenen inguruan zentrau da. EH Bilduk, hautemondako zazpi ez beteteak eta horreek zuzendu beharra azpimarratu dau, “Bizkaiko Foru Aldundia eredugarria izan behar dalako gai horretan”. Talde Popularra eta Podemos Bizkaia taldeak bat etorri dira Batzar Nagusietako Osokoan behin betiko balorazinoa egingo dabela esatean, eta Talde Mistoa, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak ados agertu dira Epaitegiaren Txostenagaz. Ogasuneko Diputatuak, bere aldetik, “salbuespenak, Epaitegiak bideratzen deuskuzan iradokizunak eta eretxiak dirala adierazo dau barriro, eta ez legez kanpoko ezer”.