Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak umeen eta gazteen gaineko politiken inguruko Lan Taldea sortu dau

Gizarte Ekintzako saila

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur goizean gizarte ekintzako arloan umeen eta gazteen gaineko politiken inguruan Lan Taldea sortzea. Saio berean ez da onetsi Umeen eta Nerabeen Babes Sistemaren gaineko ebaluazinoa urte honetako lehenengo hiruhilekoan egiteko Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena.

Lehenengo puntuari jagokonez, berba egiteko euren txandatan talde guztiak bat etorri dira “zaurgarritasun egoeran dagon kolektibo baterako garrantzi berezia daukien egoeratan” adostasuna lortzeak dauen garrantziaz, eta gai hori lantzeko orduan “kontu” handia izan behar dala azpimarratu dabe. Horrez gain, adierazo dabenez, gizartean sentsibilizazino handia daben holangoa moduko arazoek gogoetarako leku konpartituak behar ditue. Bozketea bukatu danean, Ana Esther Furundarena Gizarte Ekintzako Batzordeko Presidenteak euren berbak eskertu deutseez talde guztiei, eta akordioa Bozeroaleen Batzarrera bideratuko dala jakinarazo dau, bertan berresteko.

Arlo horretan bertan, Batzordeak ez dau onetsi Umeen eta Nerabeen Babes Sistemaren gaineko ebaluazinoa 2018. urteko lehenengo hiruhilekoan egiteko Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen proposamena. Podemos Bizkaia taldearen ekimena, kolektibo hori, “eskubide subjektua dan eta, aldi berean, arrisku egoerak emoten diranean zaurgarri izan daiteken” sektorea dala ulertzean justifiketan zan. Talde Mistoa, Talde Popularra eta EH Bildu proposamenaren alde agertu dira, benetako datuak eukitea komenigarria dala esanez. Foru Gobernua eusten daben taldeek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, barriz, kontrako botoa emon dabe, Arauz Besteko Proposamenean eskatzen zan ebaluazinoa, Bizkaiko Foru Aldundiak 2008 – 2011 epealdirako bere egunean aurrera eroan eban Umeen bigarren Plana amaitzean daborduko egin eban gauza bera dala ulertuta.

URRITASUNA DABEN PERTSONEN BIZITZA KALIDADEA

Eguneko gai zerrendea Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatu andrearen agerraldiagaz amaitu da, Podemos Bizkaia taldeak eskatuta, egungo egoeraren eta Urritasuna daben Pertsonen Partaidetzarako eta Bizitza Kalidaderako 2016-2019 Planaren helburu estrategikoen jarduketako lehentasunezko ildoen garapenaren gaineko datuak emoteko. Zifra ofizialek erakusten dabenez, kolektibo horrek 90.000 pertsona batzen ditu Bizkaian, eta horreen artetik 65.000k %33ko edo hortik gorako urritasuna erakusten dabe.

Aldundiko arduradunak Planean jasoten diran neurrien azalpen zehatza emon dau, eta Planak “helburuak lortu dituala” adierazo dau. Gainera, une honetan programea martxan dagola esan dau, eta, hori dala eta, oraindino ezin dala bere emaitzen balorazino formalik egin. Eta, “Aldundiaren eta hirugarren sektoreko erakundeen arteko alkarlanerako benetako beharra aurrera eroateak” eskatzen dauen “erronkea” azpimarratu dau.