Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi eraso matxistak prebenitzeko aplikazino mobikorra ezartearen gainean Podemos taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako Batzordeak ez dau onetsi gaur goizean Podemos taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena “indarkeria matxista egoeretan esku hartzeko denporea murrizteko helburua eukiko leuken tresna telematikoa garatzeko”. Ekimenak Aldundiko Gobernua eusten daben taldeen osotasuneko zuzenketa-eske bat eta EH Bilduren beste bat eukazan, baina talde politiko guztiek lakra horren kontrako burrukan fondoko adostasuna erakutsi daben arren, ezin izan da adostutako testurik lortu.
Eneritz De Madariaga Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, Bizkaian eta Euskadin sexu erasoek gora egin dabela erakusten daben estadistikak ikusita, beharrezkoa da horreek prebenitzeko neurri eraginkorrak eta egokiak ezartea eta, halan danean, erasotzaileak jazartea eta atxilotzea. Teknologia barriek tresna eraginkorrak eskintzen ditue, Durangon, Iruñean edo Tenerifen aurrera eroan diran ekimenetan ikusi ahal izan dan moduan. Funtzino horreek daukazan mobikorrerako APP bat sortzeko eta garatzeko Bilbon aho batez hartu dan akordioa be aitatu dau. Batzarretako talde horren Arauz Besteko Proposamenaren testuak tresna telematikoa garatzea eskatzen eutsan Bizkaiko Foru Aldundiari, ikuspegi feministatik diseinetea eta esku hartzeko protokoloa prestetea, alerta mezuen aurrean arreta espezializaua eskintzea eta APParen existentziaren barri zabaltzea. Batzarretan ordezkaritzea daukien talde guztiak bat etorri dira eraso matxisten arazoaren larritasuna azpimarratzean, baina ez dira ados jarri neurri zehatzak ezarteko orduan.
Holan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osotasuneko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe Podemosen proposamenaren aurrean. Talde horreetako bozeroaleak bat etorri dira arazoaren azterketan, baina adierazo dabenez, euskal udalak batzen dituan EUDEL alkartean gauza bera bilatzen dauen ekimena ari da gauzatzen. Hori dala eta, euren ustez egokiagoa da Aldundiak udalen alkartearen ekimena bultzatzea, esfortzuak bikoiztu beharrean. EH Bilduren aldetik, Maria Jesus Padrones bozeroaleak osotasuneko beste zuzenketa-eske bat defendidu dau, bere eretxiz, Podemosen proposamena “ez datorrelako bat ikuspuntu feministeagaz, emakumea biktima bilakatzen dauelako, ahaldundu beharrean, eta bildurraren diskurtso paternalistea emoten dauelako”. Bere eretxiz, aurkeztutako ekimena “ez dator bat estrategia integral bategaz, eta ondorio negatiboak izan leikez, ardurea, barriro be, emakumearen gainean izten dauelako”. Talde horren alternatibak proponiduten ebanez, Batzar Nagusiek berretsi egin beharko leukie lehentasunezko gaia dala, eta Aldundiari eskaria egiten eutsan, zeharkako diagnostikoa eta partaidetzan oinarritutako prozesua aurrera eroateko, indarkeria matxistea baztertuko dauen estrategia integrala lantzeko. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak, gai horren inguruko lege propioa gauzatzearen alde agertu da.
Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa bat etorri dira emakumeen kontrako indarkeriaren fenomenoaren larritasuna diagnostiketako orduan. Lehenengo taldeak adierazo dauenez, ekimen guztiak beharrezkoak eta positiboak dira, arazoak irauten dauen bitartean, eta bigarren taldeak, esfortzuak bateratzea eta holango tresna teknologikoak adituek diseinetea beharrezkoa dala azpimarratu dau.
Proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onartu osotasunerako aurkeztu diran zuzenketa eske bietatik bakarra be eta, hori dala eta, jatorrizko proposamena bozkatu da. Aldeko boto bakarrak Podemos Bizkaia taldearen ordezkari biek emondakoak izan dira, eta Talde Mistoaren, Bizkaiko Popularren eta EH Bilduren bost abstentzinoak eta Euskal Sozialistak taldeko batzordekide bien eta Euzko Abertzaleak taldeko zazpien kontrako botoak jaso ditu.