Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Kongresuari GIBa gaixotasun infekto-kutsagarri moduan hartzea barriro aztertzeko eskaria egitea

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernu On eta Gardentasunerako Batzordeak aho batez onetsi dau gaur goizean Talde Mistoak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, Diputatuen Kongresuari legedia barriro aztertzeko eskatzeko, GIB bidezko infekzinoa gaixotasun infekto-transmitigarri moduan hartua izan daiten, gaixotasun infekto-kutsagarri moduan hartua izan beharrean. Aldaketa horren zergaitia, gaixotasun hori daukien pertsonen bazterketea saihestea da.

Ekimena Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek eta Talde Mistoak aurkeztu dabe, eta Talde Popularrak be bat egin dau. Talde guztiak ados etorri dira, GIBa ez daiten zuzenean transmitiduten dan gaixotasun infekto-kutsagarri moduan hartua izan, gripeagaz edo tuberkulosiagaz gertatzen dan moduan. Kontuan izan behar da GIBa transmitiduteko bide bakarrak sexuala (babes bako hartu-emonak), odola (odolaren eta haren eratorrien bidez) eta perinatala (amarengandik seme-alabarengana) dirala. Infekto-kutsagarri moduan hartzeak, gaur egun, bazterketa larria eragiten dau GIBa daukien pertsonentzat, administrazinoko lanpostuetatik baztertuta geratzen diralako eta zerbitzu publiko batzuetara heltzeko gaiztasunak daukiezalako.

IBILGAILU OFIZIALAK

Beste alde batetik, ez da onetsi Talde Mistoak aurkeztu dauen Arauz Besteko beste Proposamen bat, Aldundiko goi karguek ibilgailu ofizialez egiten daben erabilerea hobetuko dauen azterlana egiteko. Ekimenak Foru Gobernua eusten daben taldeen kontrako botoak, Podemos Bizkaiaren abstentzinoa eta Talde Popularraren eta EH Bilduren aldeko botoak jaso ditu. Proposamenari ezetza emon deutsien taldeen berbetan, eginda dago daborduko ibilgailu ofizialen erabilerea arrazionalizetako eta murrizteko prozesua, eta eskatu dan azterlanak beharrezkoa ez dan gastua eragingo leuke.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek azpimarratu dabenez, %43 murriztu da ibilgailu ofizialen erabilerea, eta 43.000 euro baino gehiago aurreztu dira kontzeptu horretan. Proposamena aurkeztu dauen Arturo Aldecoak, ibilgailu ofizialen eta gidarien beharren gaineko azterlana eskatzen eban, horren ondorioz erabilerea hobetzeko. Talde Popularreko Javier Ruizen eretxiz, ibilgailu ofizialak “larregi” erabilten dira, eta bere esanetan, hori ez dator bat “Rementeria jaunak agintaldiaren hasieran iragarri eban politikea egiteko modu barriagaz”. EH Bilduko Joseba Gezuragak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da Foru Aldundiak daborduko horren gaineko azterlanen bat egin dauen ala ez jakitea, eta erantzuna baiezkoa bada, horren ondorioak ezagutu behar dira. Neskutz Rodriguez Podemos Bizkaia taldearen ordezkariak galdetu dau benetan beharrezkoa ete dan Aldundiko goi karguek holango zerbitzua eukitea.