Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak turismoari egindako erasoak gaitzetsi eta sektorearen aldeko jarrerea erakutsi dabe

Bizkaiko Buru Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek euren gaitzespena erakutsi dabe euskal turismo ereduaren kontra egin diran hainbat eraso dirala eta, eta sektorearen aldeko jarrerea erakutsi dabe, Talde Popularraren ekimenez. Arauz Besteko Proposamena Gernikako Batzarretxean egin dan osoko saioan onetsi da gaur goizean. Urteko lehenengo osoko saioak Ohiko Osokoa egin dau lehenengo, onetsi ez diran beste ekimen bi landuz, eta ostean, lau itaun eta zortzi erantzun-eske jaso dituan Kontroleko Osokoa.

Javier Ruiz Talde Popularraren ordezkariaren eretxiz, euskal turismo eredua “eredugarria” da, eta lurraldeko turismo sektorearen kontrako kanpainek eta ekintzek “gitxi laguntzen dabela” adierazo dau. Foru Gobernua eusten daben taldeek be idea berbera azpimarratu dabe. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa ekimenaren alde agertu dira, eta kritikoen agertzen diranek aitatzen dituen jende larregiko pilaketak “ez ohiko kasuak” dirala azpimarratu dabe. Beste alde batetik, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeak kontra agertu dira, gaur eztabaidatu dan proposamenak, gura dan turismo ereduan zentrau behar dan benetako eztabaidea ezkutetan dauela adierazoz. Holan, talde biek lan prekariedade eta gentrifikazino arazoak itzi ditue agerian, eta eredu jasangarriagoaren alde agertu dira.

Ohiko Osokoaren eguneko gai zerrendea, Talde Mistoak Bizkaiaren nortasun adierazgarrien gainean aurkeztuko dituan Arauz Besteko Proposamen bik osatu dabe. Lehenengoan, “ikurriña” izenaren ordez “bandera” izena erabiltea proponidu dau, Euskaltzaindiaren erespideakaz bat etorrita, eta bigarrenean, lurraldeko sinboloen artean Gernikako Arbolea sartzea eskatzen zan. Proposamen biek Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen aldeko eretxia jaso dabe, baina Foru Gobernua eusten daben taldeen kontrako botoak eta Talde Popularraren abstentzinoa jaso ditue, ez dala arazoak sortzen dituan kontua eta ez daukala lehentasunik adierazoz.

Ohiko Osokoa, Jesús Isasi Talde Popularreko batzarkidearen eskerroneko berbakaz hasi da. Aurreko osokoa bukatzean trafiko istripua jasan eban, Gonzalo Machín alderdikideagaz batera. Isasik, batzarretako talde guztiek erakutsitako alkartasuna eskertu dau.

HAMABI ERANTZUN-ESKE ETA ITAUN KONTROLEKO OSOKOAN

Ohiko Osokoa bukatu ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek urteko kontroleko lehenengo saioa egin dabe. Osoko horren eguneko gai zerrendan, oposizinoko taldeek egindako lau itaun eta zortzi erantzun-eske jaso dira. Landu diran gaien artean “De Miguel kasua” izenekoa, Arrontegiko zubiaren alternatibea, eregi behar dan Ezkerraldea – Meatzaldea Parke Teknologikoa edo Güeñes – Itsaso goi tentsinoko linea egon dira.

Asun Merinero Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, bere sailak “De Miguel kasua” izenekoan, batzordekidearen berbetan “Euskadin egin dan ustelkeriaren ondoriozko epaiketa handienean”, aurrera eroan dituan lege ekintzen gainean galdetu deutso Ogasuneko Foru Diputatuari. Jose María Iruarrizagak adierazo dauenez, Aldundia akusazino partikular moduan aurkeztu da kasuan, Bizkaiko Foru Ogasunaren kontrako hiru deliturengaitik. Ustez pertsona juridiko bik eta pertsona fisiko batek egindako delituak dira, eta hiruen kopurua 550.000 eurotik gorakoa da. Iruarrizagak zehaztu dauenez, foru erakundeak, kasu honegaz erlazionautako kartzela, gaitasunbakotze, isun eta erantzukizun zibila eskatu ditu pertsona fisiko batentzat eta pertsona juridiko birentzat.

Javier Ruiz Talde Popularraren ordezkariak, bere aldetik, Arrontegiko zubian egoten diran trafiko pilaketen, dagozan alternatiben eta horreek martxan jarteko epeen gaineko erantzun-eskea egin dau. Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak adierazo dauenez, une honetan bide-zubiaren alternatibak (Lamiakoko erreka azpiko tunela eta Axpeko eta Lutxanako zubiak) aztertzen ari dira, eta Aldundiak denpora gitxi barru hasiko ditu hartu-emonak Batzarretako talde guztiakaz, proposamen adostua lortzeko asmoz.

EH Bildu taldeko Joseba Gezuragak, Imanol Pradalesek erantzun dauen beste erantzun-eske bat egin dau, oraingo honetan Ezkerraldea – Meatzaldea Parke Teknologikoagaz erlazionautakoa. Gezuragak proiektuaren zehaztapenak eskatu ditu, baina Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, oraindino 2,5 milioi euroko aurrekontua baino ez da jaso, urbanizazino lanak eta sarbideak lizitetako. Geroago egingo diran jarduketen gainean, Aldundiak jagokon unean, eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta, jakinarazoko dituala iragarri dau. Orain denpora gitxi Gobernu Zentralaren Energia Politikako Zuzendaritza Nagusiaren baimena jaso dauen eta Bizkaian dagon Güeñes eta Gipuzkoan dagon Itsaso arteko goi tentsinoko linea izan da EH Bildu taldearen beste erantzun-eske baten gaia, eragina jasoko daben udalerri askoren kontrako jarrerea eta biztanleen osasunean izan daikean eragin kaltegarria dala eta herritarrek aurkeztu dituen alegazinoak aitatuz. Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak, bere Sailak azpiegitura horren aurrean dituan zalantzak aitatu ditu, eta Gobernu Zentralak ez dauela ezelango erantzunik emon adierazo dau. Hori dala eta, errekerimendua aurkeztu da linearen eraikuntza onetsi eban ebazpenaren kontra.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak birritan egin dau berba, Javier Ruizen (PP) eta Josu Unanueren (EHB) erantzun-eske biri erantzuteko. Lehenengoa Ekintzailetzarako Nazinoarteko Zentroaren proiektuaren gainekoa izan da. Rementeriak adierazo dauenez, urte honetako urrian bertan argia ikusi daikela aurreikusten da, baina azpimarratu dauenez, martxan jarri aurretik emon beharreko hainbat pausu falta dira oraindino. Ahaldun Nagusiaren bigarren esku-hartzea, bere eretxiz oso positiboa izan dan Gaztedi Bizkaia 2020 planaren balorazinoan zentrau da. 2017an mila gazte baino gehiagok hartu dabe parte, eta 382 ekintza eta proiektu jarri ditu martxan.

Gainerako esku-hartze gehienak gizarte ongizatearen arloan zentrau dira, Talde Popularrak menpekotasuna daukien pertsonentzako eguneko zentroaren irekieraren eta adimen urritasuna daben pertsonen kontratazinoaren gainean egin dituan erantzun-eskeakaz. Podemos Bizkaiak, bere aldetik, Gizarte Ekintza saileko beharginen arrisku psiko-sozialen eta familiek umeentzako garapen eta arreta goiztiarreko zentroa aukeratzeko daukien eskubidearen gaineko interesa erakutsi dau, hurrenez hurren.

Eguneko gai zerrendea ahozko erantzun-eske bigaz osatu da. Lehenengoa Podemos Bizkaia taldeak egin dau, Bizkaiko artisautza sektorearen diagnostiko eta egoera azterlanen inguruan, eta bigarrena EH Bilduk, eskumen propioen azterketa orokorraren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakunde maila desbardinen finantzaketaren gainean.