Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek JEZ-IAE aldatzeko proposamen bat jaso dabe

Bizkaiko Buru Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak ekimen bat jaso dau gaur Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergea arautzen dauen Foru Araua aldatzeko. Eskaerea, Barrilero y Asociados bufeteko Antonio Tena abogaduak aurkeztu dau.

Letradunaren proposamena lau puntutan oinarritu da: 

  • Jarraibide objektiboa kaleak kategorien arabera sailkatzeko orduan. 
  • Erespide bardintzailea hartzea enpresei hobariak apliketako orduan, enplegu sorrerea edo ingurumenagaz erlazionautako erespideak, beste batzuen artean. 
  • Irabazi urriak dituen enpresentzat murrizketak ezarten dituan Foru Arauaren 8. artikuluaren aldaketea. 
  • Aldaketea elektrizidadearen kontsumoaren tributazinoan, benetan kontsumidu edo kontratau dan energiarengaitik ordaintzeko, instalautako potentziarengaitik izan beharrean.

Talde politikoek, bakotxak bere ñabardurakaz, modu positiboan balorau dabe herritarren ekimenaren aurkezpena. Talde Mistoa eta Popularra bat etorri dira, orokorrean, planteamenduagaz, eta Podemos Bizkaiaren eretxiz “arrazoizkoa” izan da, udalen finantzaketan izan daikezan eraginak dirala eta arduratuta agertu dan arren. Euskal Sozialistak taldea Ogasun Sailari kontsultea bideratzearen alde agertu da, eta EH Bilduk adierazo dauenez, Udalak dira finantzaketan kaltetuen dagozan administrazinoak eta, hori dala eta, guzurtau egin dau Udalek dirua batzeko asmoa daukienik. Euzko Abertzaleak taldeak aldatu gura dan tributuaren konplexutasuna nabarmendu dau, eta edozein aldaketak erespide bi izan behar dituala kontuan azpimarratu dau: enpresen jarduera ekonomikoaren eta baliabide publikoen arteko orekea, eta ekonomiako sektore guztiak ikuspegi orokor bakarragaz tratatuak izan beharra.

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordea 2015eko bagilean jarri zan martxan, eta herritarrek euren eskaerak politikarien aurrean zuzenean aurkezteko foroa da. Talde politikoek esku-hartzeko txandea daukie, konbidautako pertsonari galderak egiteko, eta talderen batek ekimena bereganatzen badau, gaia jagokon Batzordera eroan ahal izango da, Arauz Besteko Proposamen moduan, bertan eztabaidatzeko eta, halan bada, onesteko.

HERRITARREN BIGARREN PROPOSAMENA

Gaur goizeko saioan beste proposamen bat be landu da, Marisol Rubiales herritarrak aurkeztutakoa, ordaintzaile bat baino gehiago dagonean PFEZren auto-kitapena aurkeztu beharraren gainekoa. Batzordekideek Ogasun Sailari horren gaineko txostena eskatzea erabagi dabe, eta euren eretxia geroago emongo dabela adierazo dabe, proposamena sakon aztertu eta gero.