Aurreko Albisteak

Bizkaiko errepide sareko bidesariak %2,5 igoko dira aurten

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Saila

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak, 2018. urterako errepide azpiegitura sarearen parte bati jagokozan bidesarien zenbatekoak eguneratzeko Foru Dekretua aurkeztu dau gaur goizean. Pradalesek iragarri dauenez, batez besteko igoerea %2,5ekoa izango da.

Foru Errepide Sarea erabilteagaitiko kostuaren igoerak Galdakao eta Gipuzkoako muga arteko AP-8 autopistan, Bilbo eta Santurtzi arteko Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrean eta Artxandako tuneletan izango dau eragina. Bizkaiko Foru Aldundiak urtero kalkuletan ditu bidesari horreen kostua, errepide horreetan egindako inbertsinoa eta mantentze lanen, ustiapenaren eta finantzaketaren kostuak kontuan izanda. Urte honetako urtarriletik indarrean sartu dan diru-laguntza erregimenari esker, mugea jarri jako Gipuzkoan dagozan sarbideetatik autopistara sartzen diran erabiltzaileen gastuari. Durangaldea eta Lea – Artibai eskualdeetan bizi diran gidarientzat onuragarria dan laguntza hori, autopistea Arrasaten hartzen daben elorriotarrengana zabaltzeko aukerea be badago.

Euren erantzunetan, Batzarretako taldeek, bidesarien kostuaren igoerearen eta urte honetarako ibilgailuen trafikoan aurreikusten diran hazkundeen gaineko interesa erakutsi dabe. Podemos Bizkaiak igoerea KPI baino altuagoa dala nabarmendu dau, eta EH Bilduk, Hegoaldeko Saihesbideak, bere ustiapen gastuak estaltzeko behar adinako diru-sarrerak sortu barik jarraitzen dauela azpimarratu dau.

Foru errepideak eguneko gai zerrendako beste puntu bateko gaia be izan dira, Aldundiak hurrengo urteetan motoristentzako puntu baltzak ezabatzeko daukan estrategiaren inguruko galdera bati be erantzun deutsolako. Imanol Pradalesek “daborduko eginda dagon lanaren parte handia” azpimarratu dau. Foru Diputatuak adierazo dauenez, Aldundia errepideetako 85,8 kilometrotan jardun da 2006tik, 5,3 milioi euroko kostuagaz, 2017. urtearen amaierara arte. Urte honi begira, beste 14 kilometrotan jardungo dala iragarri dau, milioi erdi euro inguruko kostuagaz. Datozan lau urteei begira, Ezarpen Plana osatzen daben azkenengo 33 kilometroetan jardutea aurreikusten dau Foru Aldundiak.

MTV SARIAK OSPATZEAGAITIKO KANONA

Imanol Pradalesek Talde Popularreko Javier Ruizek egindako itaunari erantzun behar izan deutso, hasiera batean galdera hori Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari zuzenduta egoan arren. PP taldeko ordezkariak, jakin gura izan dau zergatik ez zan hasieran jakinarazo gala hori Bizkaian egiteak 1,5 milioi euroko kostua izango ebala. Foru Diputatuak kopuru horren ordainketea defendidu dau “ez enkante moduan, kanon moduan baino, holango ekitaldiak erakarri gura badira lehiaketan parte hartzeko ordaindu behar dan sarrerea”. Pradalesek gehitu dauenez, kontuan hartu beharko da, baita be, egindako inbertsinoaren itzulerea, ostalaritzan, garraioan, merkataritzan, zergetan eta Bizkaia marka mundu osora zabaltzean izango dauen eragin moduan.

EKINTZAILETZAREN GAINEKO HITZARMENA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAGAZ

Eguneko gai zerrendako azkenengo puntuan EH Bilduren eskari bat landu da, Euskadiko Ekintzailetzarako Erakundeen arteko 2020 Planaren gainean Gipuzkoako Foru Aldundiagaz sinatu dan esparru akordioaren ingurukoa. Batzarreko talde horretako bozeroaleak modu positiboan balorau dau lurralde bien arteko ekimen bateratua, bi foru erakunde bietako bakotxak proiekturako egin beharko dauen ekarpen ekonomikoaren inguruko interesa erakutsi dau. Pradalesek azaldu dauenez, akordioak eremu estrategiko bitan dauka eragina, ekintzailetza aurreratuan eta talentuaren kudeaketan, arlo horretan behar egiten daben Estatu Batuetako erakunde garrantzitsuakaz lankidetzan, MassChallenge eta Cambridge Innovation Center (CIC) izenekoakaz, hain zuzen be.

Foru diputatuak azaldu dauenez, Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera aurrera eroango dan proiektu horretan eragiketaren gastuak konpartidu egingo dira eta, hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 110.000 euro aurreztuko ditu, 2017ko aurrekontuetan jasotakoagaz alderatuta. Gainera, arlo horretan Arabako Aldundiagaz egin daiteken lankidetzarako ateak zabalik itzi ditu.