Aldundia, Itsasadarra Museo ondoko uhin igerilekuaren eta haize tunelaren proiektuaren gaineko informazinoaren zain

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kulturako diputatuak gaur goizean adierazo dauenez, ez dauka oraindino Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren ondoko nasa batean antza instalau gura diran uhin igerilekuaren eta haize tunelaren gaineko datu zehatzik. Aldundiko arduradunak, gaur goizean egin dan Batzarrean adierazo dau hori. Bertan, Arturo Aldecoa Talde Mistoko Batzordekideak aurkeztu dituan lau ekimen eztabaidatu dira.
Aldecoaren galderea, orain lau urte entzun zan proiektu baten ingurukoa izan da. Bere eretxiz “Museoarentzat ona izango litzateken elementu erakargarria izan daiteke, baina aldi berean, adi zaindu beharko da zelan gauzatzen dan”. Bere erantzunean, Lorea Bilbaok azpimarratu dau, beste ezer baino lehen, Museoak ez dauela proiektuan parte hartzen; gero, sustatzaileak orain arte ez dauela ezelango egikaritze proiekturik aurkeztu; eta, bukatzeko, bisitariak erakarri daikezan arren, ikusteko dagola Museoaren instalazinorako onuragarria izango dan ala ez. Batzarretako taldeen aldetik zalantza asko agertu dira proiektuaren bideragarritasunaren eta ekarri daikezan abantailen inguruan, holango aisia proiektu baten jasotzaileen tipologia kontuan izanda.
Batzordeak Euskera eta Kulturako diputatuaren bigarren agerraldi eskaria erregistrau dau, Bidebarrietako liburutegiko hitzaldi aretoaren ganga-estalgia berreskuratze posiblearen ingurukoa. Aldecoak, agintari frankisten erabagiz pintura berdez estaldu ziran José Echenagusia margolariaren freskoak aitatu ditu. Lorea Bilbaok azaldu dauenez, bere saila une oro egon da hartu-emonetan Bilboko Udalagaz, eraikinaren titularragaz, eta erakunde horrek ez dauka ezelango esku-hartzerik aurreikusita, ez dalako Echenagusiak egindako artelanaren aztarnarik geratzen.
Diputatu andrearen hirugarren agerraldiaren xedea “Pirinioetako Burdinaren Bidearen” proiektua izan da. Mugaz gaindiko ibilpide horren helburua ondare historiko eta industrial baliotsua balioan jartea da. Une honetan Andorrak, Akitaniak, Kataluniak eta Gipuzkoak hartzen dabe parte proiektuan. Batzarretako Talde Mistoa Bizkaiak ibilpide horretan izan daikean partaidetzaren gainean galdetu dau. Lorea Bilbaok zehaztu dauenez, Bizkaia Pirinio inguruan ez dagon arren, burdinaren ustiapenagaz daukan lotura historiko indartsuak ekimen horretan parte hartzea justifikau egingo leuke. Dana dala, adierazo dauenez, Foru Aldundiak ez dauka oraindino behar besteko informazinorik, eta egitasmoagaz bat egiteko edo ez egiteko erabagia, proiektuaren azterketa zorrotzaren ondoren hartuko da. Batzarretako talde guztiak Bizkaiko meatzaritzako ondare aberatsa lantzearen alde agertu dira, baina euren zalantzak agertu ditue, Burdinaren Bide hori gauzatzen dan eremu geografikoa dala eta.
ONETSI EZ DAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA
Eguneko gai zerrendea, Talde Mistoak, Lurralde Historikotik kanpoan dagozan eta interes historiko nabarmena daben Museoak eta bestelako lekuak bisitetako ikasleen garraiorako diru-laguntzen eta bestelako laguntzen gainean aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bategaz osatu da. Gainerako taldeak bat etorri dira esatean Foru Aldundiak ez dauela arlo horretako eskumenik. Hori dala eta, proposamena ez da onetsi. Aldeko boto bakarra proposamena aurkeztu dauenarena izan da. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako bederatzi ordezkariek kontrako botoa emon dabe, eta Talde Popularreko, Podemos Bizkaiako eta EH Bilduko seiak abstenidu egin dira.